IKUSPUNTUA / Makroekimenak
Munduko Kopa, negozioa eta boterea

Badira egun batzuk Munduko Kopa amaitu zela, eta futbolak eman duenetik begirada pixka bat urruntzen badugu, hainbat gertakari utzi dizkigu hausnartzeko eta eztabaidatzeko zein norabidetan ari ote den garatzen munduko kirol ekitaldirik esanguratsuena, eta, berekin batera, futbola eta gizartea.

Hasteko, non jokatu den eta zergatik AEBetan, Kanadan eta Mexikon. AEBek 2022. urteko Munduko Kopako egoitza izateko hautagaitza aurkeztu zuten, baina Qatar aukeratu zuen FIFAk. Hilabete gutxira FIFAgate izenez ezagutzen den ustelkeria kasua atera zuten argitara Amerikako Estatu Batuetako Justizia Sailak eta FBIK, eta hamarnaka lagun atxilotu zituen azken horrek. Orduko FIFAko presidentea zen Sepp Blatterrek dimisioa eman zuen eta egungo Gianni Infantinok hartu zuen haren lekukoa. Gainera, Munduko Kopako egoitza hautatzeko prozesua erabat aldatu zuen FIFAk. Horren ondoren, 2026ko hautagaitzak, AEBenak, Kanadarenak eta Mexikorenak, erraz irabazi zion Marokorenari.

Ordutik aurrera, Trumpek etengabe erabili du Munduko Kopa bere burua eta bere gobernuaren politikak zuritzeko. Kasurik argiena, agian, Messirekin egin zuena izan zen. Munduko Koparekin zerikusi zuzenik izan gabe, baina hura hasteko hilabete gutxiren faltan eta herrialdea klima horretan murgilduta zegoela, Inter Miami taldeko futbolariak Etxe Zurira gonbidatu zituen, eta Messi atzean zuela, Israelgo Armadarekin elkarlanean egin zuten Iranen aurkako erasoa justifikatzen hasi zen (tartean Ninaben eskola bat bonbardatu eta 168 lagun erail zituena, gehienak haurrak), eta Kubaren eta Venezuelaren aurkako erasoei buruz ere aritu zen, futbolarien txalo artean. Ildo beretik doa irandarrei Munduko Kopa guztian zehar eman dien tratu txar eta umiliagarria ere.

Hala eta guztiz ere, ekitaldi hau zerbaitetan nabarmendu bada, ondokoan da: negozioa eta dirua egiteko aukera erraldoi bat izan da multinazional eta oligarkiarentzat. Normalean baino gehiago. Lehenengoz 48 selekziok hartu dute parte, 32k beharrean, eta, ondorioz, aurreko ekitaldian baino 40 partidu gehiago jokatu dira, 104 guztira. Horrek, logikoki, diru-sarrera gehiago esan nahi du sarreretan, publizitatean eta abarretan. 2030. urteko ekitaldian, berriz, 64 selekziok parte hartzea nahi omen dute. Ideia bat egiteko zein izaten ari den bilakaera, 1982. urtera arte hamasei talderen artean lehiatzen zen Munduko Kopa. Ildo beretik, Infantinoren proposamenen artean ere egon da Munduko Kopa bi urtez behin jokatzea, lau urtean behin izan ordez.

Gero eta negozio handiagoa dela nabarmen ikusi da cooling break delakoekin. Derrigorrez, partidu guztietan, eguraldia edozein izanda ere, bi eta hiru minutu arteko atsedenaldi bana egin dute zati bakoitzean, jokalariak hidratatzeko itxuraz, baina, errealki, telebistan publizitate gehiago sartzeko. Horrek esan nahi du, futboleko arauak aldatu dituztela FIFAk diru gehiago biltzeko eta enpresa handiek publizitate gehiago egiteko.

Finaleko atsedenaldiko show-a ere norabide horren erakusle da, nola espektakulua eta negozioa kirolari gero eta leku gehiago kentzen ari diren. Musika industriak eta musikari milioidunek zelaiaren zentroa bereganatuta, mezu banal eta erabat komertziala zabaltzeko. Gainera, zer eta LOVE zioen mezu baten bueltan. Mundu erdia bonbardatu duen potentzia inperialista bat maitasun mezua zabaldu nahian ikustea erabat iraingarria da.

Ez da gutxiagorako, gainera, Munduko Kopak nola balio duen txobinismoa indartzeko, eta, horrekin, burgesia ezberdinen proiektu nazionalak. Are kezkagarriagoa da egun, joera erreakzionarioak eta faxistak areagotzen ari diren garaian, azken horren garapenerako oinarri ezin hobea baita identitarismo banal eta erabat eduki berdinzalerik edo unibertsalistarik gabea. Arrisku horren adibide ezin hobea da Espainiako heroi berria, Ferran Torres, Trumpen eta ultraeskuinaren leloarekin azaldu izana ospakizunetan.

Munduko Kopak biolentzia matxistarekin daukan lotura ere larria da. Berriki argitaratu diren datuen arabera, finalaren egunean, aurreko igandeko datuekin alderatuta, %120 egin zuten gora 016 telefonora egin ziren dei kopuruek Espainiako Estatuan, biolentzia matxistaren aurkako telefono zenbakira, alegia. Antzeko datuak argitaratu izan dira Erresuma Batuan ere: 2002, 2006 eta 2010. urteetako Munduko Kopetan Ingalaterrak galtzen zuen bakoitzean %38 egiten omen zuen gora emakumeek biolentzia matxista jasateko probabilitateak. Aurten ere, Munduko Kopan zehar, gailur berri bat izan du emakumeen aurkako biolentziak Ingalaterran, zehazki Ingalaterrak Argentinaren aurka galdu zuen egunean.

Hau guztia eta gehiago da espero behar duguna 2030. urteko ekitaldia, azkenean, Donostian eta Bilbon ere jokatzen bada. Pobreenentzako ia inoiz ailegatzen ez den igogailu sozialaren eta arrakastaren ametsa, eta, aberatseenentzat, berriz, poltsikoak are gehiago betzeko eta ideologizaziorako tresna erraldoia. Futbolak ere gero eta gutxiago dauka pasiotik, entretenimendu desinteresatutik eta, azken finean, kiroletik, eta gero eta gehiago negoziotik, dominaziotik eta, oro har, kapitalismotik. Hau izango da futbol modernoa.