EDITORIALA / Euskal herriko gaztetxe eta gazte asanbladen topaketak
Gazteen belaunaldi berri bat Elorrion: haria eten ez dadin
2026/06/04

Aurreko asteburuan, Euskal Herriko Gaztetxe eta Gazte Asanbladen Topaketak egin zituzten Elorrion. Ehunka gazte elkartu ziren kontzientzia antifaxista eta antikapitalista sakontzeko helburuarekin, baita euskararen aldeko borrokari heltzeko ere. Garai honetan, joera erreakzionarioak nagusitzen ari direla eman lezakeen arren, ikuspegi askatzaileen loraldi bat ere gertatzen ari dira. Milaka gazte antifaxista, antikapitalista eta sozialista daude Euskal Herrian, eta horietako asko asteburuan Elorrion elkartu ziren.

Gaztetxek eta Gazte Asanbladek ere euste-horma bat izan behar dute faxismoaren aurka. Ideia askatzaileak gazteen artean hegemoniko bilakatzeko funtzioa betetzen dute, urteetan egin duten moduan. Besteak beste, espazio horiek ondorengo ezaugarriak betetzen dituzte: 1. Gazteak ikuspegi askatzaile batetik politizatzeko aurreneko espazioa izan ohi dira ikastetxeekin batera 2. Ohitura militante eta organizatiboak eurenganatzeko espazioak dira 3. Auzo eta herrietako gazteen artean agitazio politikoa egiteko erremintak dira 4. Formakuntza politikoa eskuratzeko guneak dira 5. Bestelako kultura- eta sozializazio-zirkuituak sustatzen dituzte 6. Espazio anitzak dira, eztabaida politikoa eta ideien elkartrukea sustatzeko balio dutenak. Gauza horiez guztiez eztabaidatzen aritu ziren asteburuan, hilabeteetako antolakuntza eskergari amaiera bikaina emanez. Beti izan ohi dira aberasgarriak halako elkarguneak, ikuspegi lokalista gainditu eta komunitate politikoa hedatzen baitute, harreman berriak saretuz eta beste herrietako dinamiketatik ikasiz.

Euskal Herrian daukagun altxor handietako bat dira Gaztetxe eta Gazte Asanbladak eta belaunaldiz belaunaldi lan egin behar dugu haria eten ez dadin. Potentzial unibertsalizatzailea duten espazioak ere badira, hainbat tokitan egiaztatu duten modura. Elorrion egondako gazte andana indarrak hartuta itzuli zen nor bere herrira, faxismoari eta bere oinarrian dagoen kapitalismoari aurre egiteko konbentzimendu osoz eta lanerako gogoz.