EDITORIALA / Jazarpen politikoa
Beto politikoa Gasteizko Txosnetan, seigarrenez
2026/05/20

Beste urte batez, sei dira jada, Gasteizko Txosnetan betoa ezarri dute GKS eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren aurka. Beste modu batera esanda: ehunka militantek osatzen duten eta Gasteizko Txosnei ekarpena egiteko asmoa duen mugimendu bati parte hartzeko aukera ukatu diote. Herri-mugimenduan aktiboki parte hartzen duten bi kolektibori betoa jartzea arbitrarioa eta oso sektarioa da.

Erabaki horren atzetik, jakina, Ezker Abertzalea dago. Gasteizko Txosnetan duen ordezkaritza handia, lau botokoa, betoa mantentzeko erabiltzen dute. Hasiera batean Mugimendu Sozialista herri-mugimenduaren aurkakoa zela esanez justifikatzen zuten betoa. Urteen eta herri-mugimenduan egindako parte hartze aktiboaren ondorioz, Gasteizko Txosnetako herri-mugimenduko eragile gehienak betoaren aurka lerratzen joan dira, aurrez aipaturiko argudioa baliogabetuz. Orain, betoaren inguruan hitz egiteari utzi dio Ezker Abertzaleak, debekua berresten duen bitartean. Egoera oso larria da, gutxieneko etiko-politikoen aurka egiten baitu. Ezker Abertzalearen ikuspegia honakoa izan daiteke: Mugimendu Sozialistari ez diogu sartzen utzi behar, txosnetako kontrola eskuratzeko ezkutuko intentzioa dutelako. Beraiek egiten dutena Mugimendu Sozialistarengan proiektatzen dute. Alabaina, Euskal Herriko herri gehienetan ez dago betorik, eta kasu askotan txosnaguneak partekatzen dituzte Mugimendu Sozialistak eta Ezker Abertzaleak.

Era berean, Jardun antolakundearen jarrera aipatzekoa da. Urteetan debekua babestu eta, are, sustatzen ibili eta gero, bazirudien aurtengo ikasturtean betoa altxatzearen alde egingo zuela. Normalena litzateke: izan ere, hainbat espazio partekatzen ditu Jardunek Euskal Herrian zehar Mugimendu Sozialistarekin, izan jaigunetan edo herri-mugimenduko eragileetan. Bada, ez dute ezer ere egin betoaren aurka, eta esan daiteke egoera bere horretan pasatzen utzi dutela. Horrelako jarrerekin Gasteizko Ezker Abertzalearen jarrera sektarioei heldulekua ematen diete; alternatiba iraultzaile bat egikaritu nahi duen mugimendua erreformismoari jokua egiten, eta komunistak jokoz kanpo uzten.

Auzi honek eragileen arteko iskanbila izateari utzi dio eta esfera publikora jauzi egin du. Inork gutxik partekatzen du betoa. Oso zaila baita justifikatzeko inperialismo eta genozidioaren aurka, etxebizitza unibertsalaren alde, Gaztetxe eta Gazte Asanbladetan, faxismoaren aurkako lehen lerroan, matxismoaren aurka eta abar luze batean aritzen den mugimendua txosnetatik kanpo uztea. Besterik ezean, Mugimendu Sozialistak betoa salatzen jarraituko du. Horretan, eta Euskal Herri sozialista baten aldeko borrokan.