AKTUALITATEA / Politika instituzionala
UPNk salaketa jarri du Athleticen kamiseta berria dela-eta
Espainiako Futbol Federazioaren aurrean aurkeztu du salaketa UPNk eta neurriak har ditzala eskatu dio, Euskal Herriko mapa ageri delako Athleticen kamiseta berrian.
2026eko ekainaren 1 - 08:19
UPNk salaketa jarri du Athleticen kamiseta berria dela-eta

Athletic Club Bilboren jantzi berriak Euskal Herriko mapa bat darama bizkar aldean, ikurrina batekin margotuta. Horren harira, polemika sortu eta mehatxuak egin zituen Unión del Pueblo Navarro (UPN) alderdiak: kamisetatik sinbolo horiek kentzen ez bazituen, Athleticen aurka joko zuela esan zuen. Eta bete du mehatxua: salaketa ipini du Espainiako Futbol Federazioaren aurrean. 

UPNko buru Cristina Ibarrolak ostiralean egin zuen agerraldi bat Iruñean, eta azaldu zuen Athleticen kamisetaren harira neurriak har ditzala exijitu diola Federazioaren Lehiaketa Batzordeari. UPNk defendatu du Euskal Herriko mapa erabiltzeak "Nafarroaren errealitate juridiko-administratibo eta instituzionalari kalte egiten" diola eta Euskal Herria "juridikoki existitzen ez den lurralde-erakunde" bat dela. Ibarrolak aldarrikatu zuen, gainera, kutsu politikoa duten sinboloak erabiltzea debekatzen duela Federazioaren arautegiak.