Emmanuel Macron Frantziako Gobernuko presidenteak, atzo eguerdian egin zuen agerraldian, biharko borroka-egunean sindikatuek antolaturiko manifestazioak ez beste onartuko dituztela adierazi zuen. Hala, beste pauso bat eman zuen biztanleriaren askatasun eta eskubide politiko nahiz zibilak erasotzeko, eta manifestatzeko eskubidearen debeku orokorra gomendatu zuen: "Honako hau da Frantziako biztanleriari astebururako helarazi nahi diodan gomendioa: oro har, manifestaziorik ez". Horrez gain, azken egunotako gobernuko ministroen jarduna goraipatu, eta segurtasun-indarrak "jasaten ari diren presioa" salatu zuen hitz-hartzean. Frantziako Zigor kodeko 431.9 artikuluaren arabera, debekatutako manifestazioak egitea sei hilabeteko espetxealdiarekin edo 7.5000 euro arteko isun bidez zigortzen da.
Macronek adierazi zuen larunbateko eta igandeko konfrontazioak ekiditeko eta hirien erdiguneetako "saltoki eta eraikin publikoak babesteko" hartu dituztela neurriak. Gauzak horrela, Defentsa Kontseilu bat antolatu du presidenteak. Bilera hori asteburu osokoa izango da, eta, bertan, mobilizazioen eta egoeraren bilakaeraren araberako neurri berriak hartuko dituzte, gaurtik hasi eta igandera arte. Dena dela, orain, Macronen "gomendioak" aplikatzea departamentu bakoitzaren prefekturari dagokio. Era berean, presidenteak gaur bilera egingo du bigarren hezkuntzako ikasleen ordezkariekin, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Izan ere, mobilizazioetako aldarrikapenak "jaso nahian", asteazkenean sindikatuekin elkartu zen Sébastien Lecornu lehen ministroa, baina bilera horretara ez zituzten ikasleen ordezkariak gonbidatu.
Dozenaka deialdi, debekaturik
Gauzak horrela, dagoeneko, zenbait deialdi debekatu dituzte tokian tokiko agintariek, hala nola Parisen. Atzokoa borroka eguna izan zen Frantziako ikasleentzat. Esaterako, goizean, Sorbonne unibertsitateko sarrera blokeatu zuten, harik eta Poliziak kolpez sarrera oztopatzen ari ziren ikasleak desegin zituen arte. Haatik, arratsaldean beste saiakera bat egin zuten, unibertsitate horren Natióngo (Paris) campuseko fakultate bat okupatuz eta itxiz; baina Poliziak berriro ere kanporatu zituen, indarrez.
Bestela, arratsaldean ere, manifestazio bat antolatu zuen Interfac Île-de-France-k hirigunean bertan, baina Poliziaren Prefekturak debekua ezarri zion unibertsitateko ikasleen batzar nagusien talde-ordezkariari. Alabaina, Administrazio Auzitegiak manifestariei arrazoia eman, eta debekua atzera bota zuen. Horri jarraiki, prefekturak geldirik egin beharreko kontzentrazio bat baimendu zuen bakar-bakarrik, baina ehunka lagun atera ziren ikas-baldintzen hobekuntza aldarrikatzera. Poliziak eta Gendarmeriak disposizio handi bat mobilizatu zuten, baina ez zen aparteko istilurik egon.
Nizan (Proventza-Alpeak-Kosta Urdina) eta Lyonen (Auvernia-Rodano-Alpeak) ere, bi departamentuetako manifestazio-deialdi guzti-guztiak debekatu dituzte dagoeneko. Hori horrela, lehenengo horretan, goizeko 08:00etatik gauerdira arte, "elkarretaratze, prozesio eta protesta manifestazio guztiak" debekatu dituzte. Horrez gain, Rodano eta Alpeetan nahiz Ekialdeko Pirinioetan, prefekturek dozena bat lekutako deialdiak debekatzeko baliatu dute egoera: Lyongoaz gain, bertan behera gelditu dira Grenobleko, Bourg-en-Bresseko, Rouengo, Havreko, Manseko, Toulongo,Chambéryko, eta Perpinyáko deialdiak. Nantesen (Loira-Atlantikoa) eta Marseillan (Proventza-Alpeak-Kosta Urdina) ere debekuak ezarri dituzte.
Neurri autoritarioei erreakzioak
Manifestatzea Frantziako Konstituzioak babesten duen eskubidea izaki, eta Administrazio Auzitegiaren epaia ikusita, langile- eta ikasle-ordezkariek debekuei aurre egiteko bide legalak aztertuko dituzte. Gaur goizean, hain zuzen, Justiziak Poliziaren Prefekturari agindu dio debekuen dekretuak indarrean sartu baino hamabi ordu lehenago argitara ditzala, gerora protestetan parte hartzen duten ikasleak zigorretatik salbu izan daitezen.
Dena dela, manifestatzeko debekua ez da gobernuak zuzenean erasotu duen eskubide bakarra. Aste osoan zehar etxeratze-aginduak ezarri dituzte, mugitzeko askatasuna murriztuz; eta adierazpen-askatasuna jopuntuan izan da: iragan asteburuko mobilizazioak kriminalizatu eta aldarrikapenak ezkutatu dituzte, eta errejimenari zenbait kritika egin dizkioten kazetari eta hedabideak zentsuratzen ari dira.