Hondarribiko (Gipuzkoa) udaltzain batek gizonezko bat erail du tiroz gaur arratsaldean, hainbat hedabidek 21:00ak jota jakinarazi dutenez. Badirudi jatorri sahararrekoa dela biktima, eta 46 urte zituen.
Bertsio poliziala zabaltzen ari dira uneotan hainbat komunikabide. Kontakizun horren arabera, gizonak ostalaritza-establezimendu batean labana bat atera du arratsaldean, eta horregatik bertaratu omen da Polizia. Tiroketa arrazoitzeko, polizia-indarrek diote ertzain bati "eraso egiten" saiatu omen dela gizonezkoa, eta horregatik egin duela tiro bere kontra udaltzaingoko agente batek.
Larrialdi-zerbitzuetako langileak joan dira tokira, baina ez dute zauritua suspertzerik lortu. Irekita dago gertakariei buruzko ikerketa.