AKTUALITATEA / Politika instituzionala
Pasaiako Portuaren kudeaketak agerian utzi du, beste behin ere, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza
Algeposa zamaketari enpresa-taldeak 2041. urtera arte kudeatuko du portuaren azpiegitura; eta hamarnaka bizilagun etxegabetuko dituzte porturaino sartuko den trenbidea eraikitzeko. Etxegabetzearen atzean Euskal Herriko enpresari-familia handienetako bat dago.
2026eko ekainaren 4 - 04:00
Pasaiako Portuaren kudeaketak agerian utzi du, beste behin ere, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza
Maria Luisa Guibert Ucin enpresaria eta Idoia Mendia PSE-EEko lehendakariorde ohia. — ARGAZKIA Telva

Azkenaldian, EAJ eta PSE-EE alderdi politikoen arteko iskanbilak sortu ditu Pasaiako (Gipuzkoa) Portuaren kudeaketak, baita bertako Escalerillas etxebizitza-eraikineko bizilagunak kaleratuko dituztela iragartzeak ere. Izan ere, Euzko Alderdi Jeltzaleak portuak "interes orokorreko" leku izateari uzteko eskatu du, azpiegitura eta jarduna zuzenean gobernu autonomikoak kudea dezan. PSOEk, ordea, inbertsioak susta ditzala proposatu dio EAJren Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gobernuari. Are, gaineratu dute "hondamendia" sortuko litzatekeela portuak estatu-mailako izaera juridikoa galduko balu. Eztabaidak eztabaida, biek ala biek Pasaiako Portuko azpiegitura hobetzeko milioika euro bideratu dituzte azken hilabeteotan.

Diru hori, hala, "negozio estrategikoak" sustatzeko bideratu dute, negozio horiek enpresa pribatuek kudeatzea aurreikusten bada ere. Urrutira joan gabe, Estibadora Algeposa S.A. enpresak 2041. urtera arte sinatu zuen Pasaiakoa kudeatzeko baimena; eta, gainera, portuko trafikoaren herena baino gehiago kontrolatzen du. Hori horrela, agerian gelditu da, beste behin ere, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetza.

Aipatu alderdi politikoek, sarri, "justiziaren", "arduraren", edo "laguntzen" inguruan eraiki ohi dituzte haien diskurtso politikoak. Bada, azpiegitura-egitasmoek EAJ eta PSE-EEren maskarak lurrera bota ditu: Pasaiako Portuko Agintaritzak Euskotren trenbide-sare publikoarekin (Eusko Jaurlaritzak kudeatzen du erakunde hori) konektatu nahi du eremua, eta horretarako Escalerillas eraikineko bizilagunak etxegabetuko dituzte. Egitasmoa merkantziak sartzeko baliatuko du Agintaritzak, eta zazpi milioi euro inguru inbertituko ditu.

Etxebizitza horietan duela hainbat hamarkada portura lanera heldu ziren langile-familiak bizi izan dira orain arte. Haatik, duela hiru urte Pasaiako Portuak etxebizitzak eraitsiko zituela iragarri zien bertako familiei, duela bi hilabete bizilagun titularrek bizitokiak utzi zituzten, eta datorren ekainaren 9an, asteartean, gainontzeko bizilagunek utzi beharko dituzte beren etxebizitzak. Presioa ez da horretan eten: duela zenbait aste, segurtasun-langile bat jarri dute bizitokien atarian, bzilagunak 24 orduz zelatatzen. Denbora honetan guztian zehar, ordea, alokairuak eta mantentze-gastuak asumitu dituzte langile-familiek. Horregatik guztiagatik, Pasaiako Portuko Agintaritzaren eta alderdi politikoen bidegabekeria salatzeko, eta etxegabetuko dituzten familiei elkartasuna adierazteko, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak prentsaurrekoa egingo du datorren ekainaren 8an, astelehenean.

Etxegabetzearen atzean, Euskal Herriko enpresari-familia handienetako bat

Algeposa enpresa-taldea 1980ko hamarkadan sortu zen, eta zamaketari-lanetara bideratutako enpresa izan zen hasiera batean. Berehala, ordea, portuetakoa azpiegitura lan gehienak bere gain hartzen hasi zen. Enpresa horren buru da Maria Luisa Guibert Ucin enpresaria, Euskal Herriko enpresari handienetako bat. Enpresa ugariren administrazio-kontseiluko kide da, gainera; hala nola AEFAME Euskal Herriko enpresarien familien elkargoan edo CEIT teknologia-zentroan; eta, iraganean, kontseilari-lanak egin ditu IBERPAPEL Gestión S.A.-n, Pasaiako Portuko Agintaritzan bertan, eta Juan Marchen ondorengoen Corporación Financiera Alban. Korporazio horrek, 2023ko datuen arabera, ondarearen %7 higiezinetan zuen inbertitua.

Era berean, Guiberten lehengusuak dira Ucin-Larrañaga enpresariak. Bada, enpresari horiek ere interes handia dute higiezinen merkatuan: Donostiako (Gipuzkoa) bertako Antigua Berri S.L. eta Riberas de Urumea S.L. enpresak, esaterako, haienak dira. Azken hori, gainera, harremanduta dago gutxienez lau etxegabetzeren edo etxegabetze saiakeren kasuekin. Guibert Ucinek, beraz, enpresa-interesak ditu higiezinen merkatuan. Horrez gain, bai Guibert Ucinek, bai Ucin Larrañagatarrek, ez dute diru-ondarea ezerezetik jaso: haien aitona Marcial Ucin Azpeitiko (Gipuzkoa) Corrugados enpresaren jabe izan zen, eta enpresa-sare handiak eraiki zituen Euskal Herriko metalgintzan. Guiberten aitak kudeatu zuen aitonaren enpresa-ondarea, eta, 1999an, 29.000 milioi pezetaren truke saldu zuten Corrugados, gaur egungo Arcelor Mittal taldeari.

Maria Luisa Guibert Ucinek, bestalde, Matia Fundazioa kudeatzen du bere aurpegia zuritzeko, eta xede berdinarekin, Donostiako Aquariumeko kontseiluaren parte izatea lortu zuen. Noiz edo noiz EAJ zein PSE-EE aholkatu ditu, eta 2023an Mejor Trayectoria Empresarial saria jaso zuen; Idoia Mendia lehendakariordeak (PSE-EE) eman zion saria, eta Telvak eta Caixabankek babesten dute. Banku horrek ehunka etxebizitza kudeatzen ditu, eta azken urteotan Gipuzkoan hainbat etxegabetze sustatu ditu.

1966an eraiki zirenetik, Escalerillaseko etxebizitzek hamaika istorio bizi dituzte, den-denak bertako langile-familien esperientziekin loturikoak: hiru belaunaldi hazi dira bertan. Orain, ordea, bizilagunek bertan bizitzeko eskubiderik ez dutela diote epaileek: etxebizitzetan diharduten azken bizilagunak ere kanporatu egingo dituzte, kalte-ordainik eman gabe. Enpresarien negozioek, beste behin, ezerezean utzi dute langile-klasearen etxebizitza-eskubidea.