Ate joka dugu Gazte Topagune Sozialistaren edizio berri bat. Zer da Topagunea eta zergatik da hain garrantzitsua?
Sozialismoaren norabidean indarrak batzeko egiten dugun ekimen bat da, ehunka militanteren lanarekin antolatzen dena eta milaka gazte langile batzen dituena. Batez ere, hausnarketarako, aldarrikapenerako eta komunitate politikoa sendotzeko espazio bat da.
Faxismoaren eta autoritarismoaren gorakada bizitzen ari gara, eta uste dugu halako ekimenek garrantzia berezia hartzen dutela testuinguru honetan. Kapitalismoa gaur egun dagoen fasearen azterketa egin eta gazte langileok izan ditzakegun borroka-lerroez hitz egingo dugulako bertan, batetik; eta, bestetik, faxismoaren aurrean indar-erakustaldi bat egiteko probestuko dugulako Topagunea. Sozialismora batzeko mezu bat zabaltzeko ere garrantzitsuak dira horrelako ekimenak, bai Euskal Herrian, bai nazioartean.
Zertarako balio izan dute aurreko Topaguneek?
Topagune guztiek garrantzia politiko handia izan dute Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren bilakaeran zehar, eta bakoitzak bere modura egin dio ekarpena prozesu sozialistari. Lehen Topaguneak Mugimendu Sozialista sortzeko behar zuen bultzada eman zion gazte-belaunaldi bati. Ondorengoek mugimendu sendo bat ginela erakutsi zuten, esaten zigutenaren aurka: komunismoak gazteen artean babes handia lor dezakeela ikusi genuen eta posible dela sozialismoaren eraikuntzaren aldeko proposamen politiko iraultzaile bat aurrera eramatea. Horrez gain, Mugimendu Sozialistak urte gutxian izan duen hazkunde kuantitatiboaren nahiz kualitatiboaren erakusle ere izan dira.
Topagunearen egitarauaren barruan, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurkako manifestazio bat egingo duzue urriaren 11n. Salatu duzue estatuak gero eta autoritarioagoak direla eta faxismoa indartzen ari dela, bai Euskal Herrian bai harago. Zein mezu zabaldu nahi duzue manifestazioaren bidez?
Faxismoari aurre egin behar diogula eta, horretarako, langile-klasearen batasuna eraiki behar dugula proiektu iraultzaile baten baitan. Alderdi elektoralen ustezko aliantza antifaxistak ez du faxismoa geldituko. Faxismoak sortzen duen beldurra erabili nahi dute, boto antifaxista aktibatzeko soilik. Baina, bien bitartean, faxismoak gero eta indar handiagoa dauka eta egiazko antifaxismoa eraikitzeko baldintzak suntsitzen ari dira etengabe. Guk, langile-klaseko eta herri-mugimenduko kolektibo ezberdinekin batera eraiki behar dugu faxismoaren aurkako borroka.
2026ko urtarrilaren amaieran 10.000 pertsona mobilizatu ziren GKSk faxismoaren eta estatu-autoritarismoaren aurka antolatutako mobilizazioetan.
Bai, antolakuntzak eta militantzia politikoak faxismoari ateak ixteko balio duela frogatu genuen, baita faxisten aurrean indar-erakustaldiak egiteak duen garrantzia erakutsi ere.
Etengabe hazten ari garen antolakunde bat gara, mobilizazio-gaitasun handia duena, eta bide hau printzipio politiko iraultzaileei muzin egin gabe jorratu dugu. Dena dela, erreakzioa hedatzen ari den testuinguru honetan, lanean jarraitzea dagokigu, komunismoa gazteon artean indar nagusi bilakatu behar dugu eta.
Beste urte batez, hitzaldiek eta mahai-inguruek izango dute zentralitatea egitarauan. Zer bilatzen duzue saio horien bidez?
Lehen esan bezala, bizitzen ari garen momentuaren azterketa egitea, horren inguruan hausnartzea eta gazte langileok ditugun erronkez hitz egitea bilatzen dugu. Horretarako, formakuntza politikoa zentrala da guretzat, heldu beharreko printzipio politikoak ondo barneratzea eta kontzientzia politikoa handitzea ahalbidetzen baitigu.
Zentzu horretan, elkargune eredu bezala, uste dugu aurrerapauso bat dela Gazte Topagune Sozialista, formakuntza politikoa eta lan militantea ardatz dituen ekimen batean milaka gazte batzea lortzen duelako, gero eta hedatuago dagoen makrojaialdien ereduaren aurka.
Bestalde, aurten ere Euskal Herriko eta bertatik kanpoko hamaika musikarik, kulturgilek, kirolarik eta bestek hartuko dute parte Topagunearen egitarauan.
Ongi pasatzeko, elkar ezagutzeko eta komunitatea osatzeko ekimena ere bada Topagunea. Nekez ahazten diren oroitzapenak sortzen dira bertan eta hori guztia ez litzateke posible izango haien guztien ekarpenik gabe.
Hilabeteak daramatzazue Topaguneari begira lanean, eta aste hauetan ehunka aurkezpen egingo dituzue Euskal Herri osoan barrena. Zein harrera du ekimenak? Zein da giroa?
Oso harrera ona izaten ari da, aurkezpenak jendetsuak izaten ari dira eta udan zehar antolatu ditugun ekintzak ere arrakastatsuak izan dira. Gero eta ezagunagoa da Gazte Topagune Sozialista eta gero eta jendetsuagoa. Ilusio handia sortzen duela uste dugu, eta horrenbeste gazte sozialismoaren alde batuta ikustea itxaropentsua da.
Zein mezu emango zeniekete Topagunera doazen gazteei?
Faxismoak eta estatuen autoritarismoak markatutako testuinguruan, sozialismoaren aldeko borrokara batzeko pausoa eman behar dugula gazteok eta, norabide horretan, Gazte Topagune Sozialista aukera paregabea dela: ikasteko, elkartzeko, indarrak batzeko eta, nola ez, ondo pasatzeko. Beraz ez egin zalantzarik eta animatu etortzera. Bertan ikusiko dugu elkar.