AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/02/12 18:52

Trintxerpen (Pasaia, Gipuzkoa) hamabi familia daude euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan, Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuarekin batera gaur egindako agerraldian jakinarazi dutenez. Familia horiek Escalerillaseko blokean bizi dira gaur egun, hain zuzen ere, Herrera kaleko 10. eta 11. zenbakietan. Azaldu dute etxebizitza-blokea eraitsi eta bertan bizi diren pertsonak euren etxeetatik bota nahi dituztela Pasaiako Portuak eta Euskal Trenbide Sareak, merkantziak garraiatzeko trenbide bat eraikitzeko. Horretarako, "bizilagunak inolako bizitoki-alternatibarik gabe desalojatzea da haien asmoa".

Jakinarazi dute "duela 60 bat urtetik" dela euren bizilekua eraikin hori: "Gure senideak portuko langileak zirela eta, 60ko hamarkadan iritsi ginen bloke honetara. Orduz geroztik, jabetza [Pasaiako] Portuarena izan arren, beti arduratu izan gara gu blokeaz, baita bere konponketa-gastu guztiez ere". Seinalatu dute, gainera, Pasaiako Portuko arduradunek beti egin izan dizkietela promesak: esaten zieten etxebizitza horiek erosteko aukera izango zutela etorkizunean.

Lau hilabeteko epea, miseria eta kale gorria

Duela zenbait urte jakin zuten bizilagunek Pasaiako Portua "Biziberritzeko" Plan Orokor bat jarriko zutela martxan, baina prentsaren bidez izan zuten horren berri: "Denbora luze honetan, ez dugu Portuaren inolako komunikazio zuzenik jaso, zurrumuruak besterik ez". Aipatutako plan horrek barne hartzen du Escalerillaseko blokea eraistea, eta 7 milioi euroko aurrekontu bat bideratuko dute Euskal Trenbide Sarea luzatzera, Pasaiako porturaino.

Blokean bizi diren familiek duela hainbat egun jaso zuten Pasaiako Portuak helarazitako mezu bat, aurrenekoa hain zuzen ere: lau hilabeteko epean euren etxeetatik alde egin beharko dutela zioen mezuak. "Gutxi batzuei miseriazko indemnizazioak eskaintzen dizkiete, gutako gehienoi, ordea, kale gorria besterik ez", salatu dute bizilagunek gaurkoan, Oarsoaldeko Etxebizitza Sindikatuarekin batera.

Escalerillas borrokan

"Obra horri esker, betiko enpresari handiek aberasten jarraituko dute, instituzioek ezikusiarena egiten, eta guk gure etxebizitzak galduko ditugu", gaineratu dute. Hala, exijentzia argi bat egin diete Pasaiako Portuari eta Euskal Trenbide Sareari: etxegabetzea geldi dezatela eta "arduraz joka" dezatela. Horrekin batera aldarrikatu dute etxegabetze guztien etetea, eta "horren alde antolatzera" deitu: Escalerillasen, hala, borrokan ari direla eta borroka egingo dutela jakinarazi dute.

EZ DAGO IRUZKINIK