AKTUALITATEA / Sexu-esplotazioa

Neska adingabe bat prostituitzera behartu dute bere bi senidek

Hernanin atxilotu dituzte emakume bat eta gizon bat, gizonekin "hitzordu sexualak" antolatzeagatik, diru truke.
2026eko irailaren 24 - 07:32
Neska adingabe bat prostituitzera behartu dute bere bi senidek

43 urteko gizonezko bat eta 32 urteko emakume bat atxilotu dituzte Hernanin (Gipuzkoa), euren senidea den neska adingabe bat sexualki esplotatzeagatik. Gaztea prostituzioan aritzera behartu dute bien artean: "hitzordu sexualak" antolatzen zituzten gizonekin, diru truke.

EITBren arabera, abuztuan hasi zen gertakarien inguruko ikerketa poliziala. Izan ere, Lasarten, adin txikiko neska batek jasandako sexu-eraso baten berri eduki zuten, eta 57 urteko gizon bat atxilotu zuten horregatik. Gertatutakoa ikertzen hastean ohartu ziren litekeena zela ordaindutako "hitzordu" bat loturik egotea aurrez.

Itxura denez, neska prostituitzera behartzen zuten bi pertsonak bere familiakoak dira. Haiek egiten zituzten kontaktuak, eta bietako batek eramaten zuen gaztea "hitzordu" horietara.