AKTUALITATEA / Sindikalismoa

Lortu dute KYBSEn sei langileren kaleratzea baliogabetzea

CGT-LKNk jarritako salaketei esker, Ororbiako enpresa kondenatu dute iruzurrezko kontratuak egiteagatik, Gorenak epaia berretsi baitu berriki: sei behargini kontratu mugagabeak egin beharko dizkie enpresak. "Industrian hedatua dagoen prekaritatea egiturazkoa da, patronalak ezartzen dituen malgutasun-eskakizunei erantzuten diena", seinalatu du sindikatuak.
2026eko irailaren 29 - 07:15
Lortu dute KYBSEn sei langileren kaleratzea baliogabetzea

Aldi baterako sei langileren kaleratzea auzitegiek baliogabetzea lortu du CGT-LKN sindikatuak. "Ororbian automobilgintzarako motelgailuak ekoizten dituen KYBSE multinazionala behin betikotasunez kondenatu dute kaleratze baliogabeagatik eta iruzurrezko kontratuak egiteagatik. Iruñeko Lan Arloko 1. Epaitegiak langile baten aldeko lehen epaia eman ondoren, enpresak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusira jo zuen lehenik, eta Auzitegi Gorenera gero. Azken errekurtso hori atzera bota ondoren, Auzitegi Gorenak berretsi egin du epaia", jakinarazi du. 

Ebazpena irmoa den heinean, KYBSE behartuta dago orain sei behargini kontratu mugagabeak egitera. CGTk seinalatu duenez, honekin agerian gelditu da Nafarroako enpresak 2024ko abenduaren 31n "ezkutuko kaleratze kolektibo" bat egin zuela: "zuzendaritzaren eta enpresa-batzordearen arteko akordio lotsagarri baten ondorioz", 64 langile bidali zituzten kalera, 2023tik iruzurrezko aldi baterako kontratuak egin ondoren.

Hainbat beharginek, baina, aurrea hartu eta neurriari aurre egin zioten: langile-asanbladara deitu ondoren, salaketak jarri zituzten CGTren eskutik. Auzitegiek arrazoia eman diete azkenean, eta enpresa kondenatu du.

Sindikatuak ohartarazi du KYBSEn bizitakoa ez dela "kasu isolatu" bat: "Industrian hedatua dagoen prekaritatea egiturazkoa da, patronalak ezartzen dituen malgutasun-eskakizunei erantzuten diena. Prekaritate horrek bereziki eragiten die aldi baterako langileei, azpikontratatuei edo ABLEen bidezko langileei. Bigarren mailako langileak dira, beren lan-eskubideak zein eskubide sindikalak sistematikoki urratzen zaizkienak". Dena den, kasu honetan "aldi baterako langileek multinazional bati aurre egin" izana aldarrikatu eta egindako lorpena txalotu du CGTk, "borroka bide bakarra" dela defendatuz.