Ororbiako (Nafarroa) KYBSEn, aldi baterako sei langileren kaleratzea baliogabetzetik gertuago dago CGT-LKN. Enpresak legez kontra bota zituen 64 behargin iazko abenduaren 31n, eta aipatutako sindikatuak aurkeztutako salaketen eraginez, kasu horietako batzuk aztertzen ari dira epaitegietan. Eta arrazoia ematen ari dira CGTri, bigarrenez egin baitute kaleratzeak deuseztatzearen alde, multinazionalak langile horiek berriro hartu eta kontratu mugagabeak ezarri behar izateari bide eginez.
Sindikatuak irailean jakinarazi zuen kaleratzeetako bat baliogabetzat jo zuela Iruñeko Lan-arloko 1. epaitegiak, baina helegitea jarri zuen multinazionalak. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak, ordea, ebazpen indibidual hori berretsi du oraintsu. "Epaiak aldi baterako sei langileri eragiten die, eta langile horiek mugagabe gisan kontratatu beharko dituzte. Ondoren, KYBSEk Auzitegi Gorenera joko duela iragarri du", esan du CGTk agerraldi baten bidez. Aurreratu du, baina, helegite horrek "prozesua atzeratu besterik ez" duela egingo.
Dena dela, seinalatu du epaitegiek aitortu dutela "ezkutuko kaleratze kolektiboa" izan zela KYBSEk egindakoa, eta 2023ko uztailetik ari zela iruzurrezko aldi baterako kontratuak inposatzen, ustezko "ekoizpen-arrazoiak" aitzakiatzat hartuta. "64 kaleratze horiek, mediatikoki oharkabean igaro zirenak, zuzendaritzaren eta enpresa-batzordearen arteko akordio lotsagarri baten ondorio izan ziren, gehiengo sindikalak sinatuta eta gainerakoak konplize izanda", salatu du: "Akordio horri esker, enpresak aldi baterako langileak beste urtebetez bajak ordezten mantendu zituen; urtebeteren buruan, ordea, kontratu mugagabeak egin beharrean, berriz kaleratu zituen, hitzarmena eta legea urratuz".
Aurtengo urtarrilean, kaleratutako beharginetatik seik eman zuten salaketak ipintzeko pausoa. KYBSEk "errepresalia gisa" langile horiek baztertzeko saiakerak egin dituen arren, epaitegietan bere bidea egin du salaketak, eta udan iritsi zen aldeko lehen epaia. Hala jarraitzen du CGTk: "Horrek ondorioak izan zituen irailean, nabarmen baldintzatu baitzuen enpresaren eta batzordearen arteko kontratazio-akordio berria. Horrela, errelebo-kontratuaren bidez, aldi baterako langileak behingoz mugagabe egiteko estimatutako data bat ezarri zen, nahiz eta oraindik guztiei ez dieten lan egiteko deitu".
Egiturazko prekaritatea eta bigarren mailako langileak
Gorenaren ebazpen posiblearen zain daude orain, baina CGTk hainbat ondorio atera ditu jada mahaira. Azaldu du, hala nola, "egiturazkoa" dela "industrian hedatua dagoen prekaritatea, eta "patronalak ezartzen dituen malgutasun-eskakizunei erantzuten" diela. "Prekaritate horrek bereziki eragiten die aldi baterako langileei, azpikontratatuei edo ABLEen bidezko langileei. Bigarren mailako langileak dira, beren lan-eskubideak zein eskubide sindikalak sistematikoki urratzen zaizkienak".
Bestalde, aldarrikatu du egindako lanak erakusten duela "aldi baterako langileek multinazional bati aurre egin diezaioketela", eta prekaritatearen kontra borrokatzera deitu du. Dei egin die "sindikatu zein langile guztiei" urratsak egin ditzaten eta "lan-baldintzak eta eskubide sindikalak defendatzeko konpromisoa har dezaten".