AKTUALITATEA / Itaia

Itaiak emakume langileen lan-baldintzen okertzea salatu du Soldata Arrakalari buruzko V. Nazioarteko Kongresuaren harira

Kongresuaren itxurakeria seinalatu du Itaiak, ohartaraziz beren aurpegi zuriketarako erabiltzen dutela instituzioek eta enpresariek. "Soldata-arrakala amaitzeko, irabazi ekonomikoen logikan oinarritutako gizarte-eredua desegitea beharrezkoa da".
2026eko irailaren 24 - 07:14
Itaiak emakume langileen lan-baldintzen okertzea salatu du Soldata Arrakalari buruzko V. Nazioarteko Kongresuaren harira

Soldata Arrakalari buruzko Nazioarteko V. Kongresua izan zen atzo Barakaldoko (Bizkaia) BECen. Bertan, ekimen horietako "itxurakeria" seinalatu du Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak, instituzioek eta enpresariek beren aurpegi zuriketarako erabiltzen baitituzte.

"Soldata-arrakalari aurre egiteko borondatea dutela dioten arren, enpresa horiek emakumeon lan-baldintzak okerragotuz etekin handiagoak lortzen dituzte", salatu du Itaiak, zaintza eta garbiketa sektoreak adibidetzat hartuz: "Lanaldi partzialak, soldata baxuak eta gehiegizko ratioak emakume askoren eguneroko errealitatea dira".

Antolakundeak nabarmendu du, gainera, instituzio publikoek ere ardura zuzena dutela "emakume langileon bizi-eredu pobrean". Eta gaineratu dute: "Zaintza-zerbitzuak pribatizatu eta murriztu dituzte, zerbitzuen kostuak merkatzeko eta enpresa pribatuen irabaziak bermatzeko. EAJk, pribatizazio-prozesuaren arduradun nagusietako batek, enpresa-munduarekin harreman estua erakutsi du, zenbait ordezkari politikok politika horien onuradun izan diren enpresetako ardura-postuetan amaitu baitute". Horiek horrela, Itaiak dio "sektoreko lan-baldintza kaskarrak betikotzen" dituztela haiek guztiek, "eta zaintza-lanen zama emakumeon bizkar uzten jarraitzen dutela, zaintza-beharrak handitzen ari diren honetan".

Emakumeen Antolakunde Sozialistaren esanetan, "azken urteotan soldata-arrakala txikitu izana ez da emakumeon lan-baldintzak hobetu izanaren ondorio; kontrara, langile guztion bizi-baldintzek okerrera egin dutelako murriztu da". Defendatu du, hala, "soldata-arrakala amaitzeko", ezinbestekoa dela "irabazi ekonomikoen logikan oinarritutako gizarte-eredua desegitea", "emakumeek ekonomikoki eta sozialki aitortza baxuko lanak egiteari uzteko". Borroka horretan, "emakume langileen pobretzearen aurka" jardutera deitu du Itaiak, "guztiok kalitatezko bizi- eta lan-baldintza berdinak izan arte".