Atzo, astelehena, dozenaka lagun bertaratu ziren Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Irungo (Gipuzkoa) Dunboa auzoan deitutako agerraldira, azken asteotako gertakarien berri emateko eta horiek salatzeko. Izan ere, bi desokupazio-enpresak auzoko familia bana jazarri dituzte berriki, eta horiek etxegabetzen ahalegindu dira. Hori dela eta, enpresa horien izaera faxista salatu zuten atzoko agerraldian, baita etxejabeen erantzukizuna, inpunitatea eta arrazakeria gaitzetsi ere. Horren aurrean, Irunen emandako erantzun antolatua goraipatu zuten, eta hitza hartu zuten Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kide batek eta faxistek jazarritako familietako kide batek.
Enpresa faxistak
Sindikatuak argi adierazi zuen atzo: desokupazio-enpresak adierazpen faxistak dira. Izan ere, egungo testuinguruan, ideia erreakzionarioek geroz eta babes handiagoa dute gizartean, eta desokupazio-enpresek ideia faxistak zabaltzen dituzte une oro, sindikatuak gogorarazi zuenez: "Sare sozialetako edukia, sinbologia, tatuajeak, talde neonaziekin dituzten loturak, militante antifaxisten aurkako eraso biolentoak… Ez dute haien ideologia faxista ezkutatzen".
Gainera, desokupak "matoi eskuadristak" direla azpimarratu zuten. Hain zuzen, enpresarien eta etxejabeen zerbitzura aritzen dira, eta okupazioa da haien aitzakia. Irungo bi kasuetako bakar batean ere ez da etxebizitza okupatu; baina, hala eta guztiz ere, mamu hori erabili dute indarkeriaz aritzeko. Jokabide horrek, beraz, hainbat helburu dituela salatu zuen sindikatuak: "faxista horiek sare sozialetako izarrak bilakatzea", "etxejabeek maizterren kaltera egiten dituzten gehiegikeriak erraztea", eta "familiak deshumanizatzea".
Etxejabeen erantzukizuna, inpunitatea, eta arrazakeria
Etxejabeek desokupak kontratatu eta finantzatu dituztenez, haien erantzukizuna seinalatu zuten prentsaurrekoan. "Familia hau Irungo iruzurgile eta esplotatzaile baten bidegabekerien biktima izan da. Etxejabeak gezurretan ari dira, maizterrek ez diote-eta inongo momentuan ordaintzeari utzi. Gainera, […] etxejabeek ere etengabe bidali dizkiete irainak eta mehatxuak".
Baita familia hertsatu ere. Esaterako, ondorengo hau adierazi du maizterrak: "Argindarraren potentzia gutxienekora murriztu zigun, argi gabe gera gintezen, eta jabeak uko egin dio azterketak egiteko zerbitzuak kontratatzeari. Hori dela eta, nik neuk kontratatu behar izan nuen zerbitzua, nire izenean eta beste konpainia batekin". Uraren hornidura ere moztu zien etxejabeak, baina bizilagunen laguntza baliatuta, hornidura berreskuratu zuten. Jabeen inpunitatearekin amaitzea behar-beharrezkotzat jo zuen sindikatuak.
Hori guztia gutxi balitz, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak agerian utzi zuen etxejabearen arrazakeria. Tokiko enpresari bat da; eta migranteen babesgabetasuna probestuta, etekin ekonomikoa atera nahi izan du. Sindikatuak atzo ohartarazi zuenez, "migranteak dianaren erdigunean jartzen dituzten kontakizunak etengabe entzun behar izaten ditugu, arazo guztien iturria haiek izango balira" bezala, eta kontakizun horiek "zailtasun ekonomiko izugarriak bizi dituzten milaka familien pobrezia eta isolamendu-egoera are gordinago egiteko besterik" ez dute balio.

Erantzun antolatua, aurre egiteko bidea
Erantzun antolatua goretsi zuen sindikatuak, bestalde: faxistei aurre egiteko eta familia babesteko, dozenaka lagun antolatu dira. Sindikatuko kideen hitzetan, "azken asteetan egindako lanak eta konpromiso militanteak ahalbidetu dute DesokupaCyLeko matoiak agertzerakoan jendea gertu egotea". Maizterrak eskerrak eman zizkion atzo Etxebizitza Sindikatu Sozialistari.
Hala, orain artekoan berretsi ziren, eta desokupak itzuliz gero, etxejabeek eta desokupazio-enpresek erresistentzia parez pare izango dutela esan zuten: "Hemendik zera adierazi nahi diegu desokupazio-enpresei eta etxejabeei: eman amore eta ez itzuli berriz Irunera. Familia honek auzokideen babes eta elkartasun zabala ditu. Kasua gertutik ezagutu dugunok ondotxo dakizkigu etxejabeek egindako bidegabekeriak. Eta berriro itzultzen bazarete, erantzuteko prest egongo gara".
Zurrumurruei aurre egiteko, gertakarien azalpena
Gaiak hartu duen oihartzunaz jabetuta, gertakariak egoki azaltzeko ere baliatu zuten agerraldia. Argitu zuten, hasteko, 2019ko apiriletik etxebizitza horretan bizi direla maizterrak. Etxebizitzaren jabea laneko ugazaba ere bada. Hori dela eta, kontratu gabe bada ere, azken urteotan hilero-hilero alokairua eta gastu gehigarriak ordaindu dizkiote familiako kideek: "Ez gara inoiz atzeratu ordainketak egiterakoan". Kobrantza ohiko soldatatik kenkariak eginez egiten zuen jabeak, hain justu.
Urte hauetan guztietan jasandako laneko eta alokairuko baldintza "negargarriak" salatu zituen atzo maizterrak. Hala, pixkanaka-pixkanaka egoerak gain hartu zuen; eta aurten, urte hasieran, eztanda egin zuen jabearen eta maizterren arteko harremanak. Etxejabeari harrremana etengo zutela adierazi ziotenean, otsailean, laneko bilera batera deitu zuen maizterra. Bertan, enpresariak mehatxatu egin zuen langilea, eta erroldan baja eman zion. Maizterrek, tentuz, burofaxa bidali zioten garaiz, kontratua legalizatzeko asmoz. Gainera, Irungo Udalari idatzizko agiria aurkeztu ondoren, erroldan altan eman zieten berriro ere.
Martxoaren 11n hitz egin zuten elkar azkenekoz. Ordu hartan, maizterrak argi utzi zion etxejabeari kontu korronte bidez eta kontratu baten babespean ordainduko zuela bakar-bakarrik. Horrela, enpresariak aukera bakarra eskaini zion: eskudirutan ematea ordaindu beharrekoa. Mehatxu eta hertsapen artean, egoera jasanezina zela iritzita, familiak etxejabea salatu zuen.
DesokupaCyL enpresa faxistako kideak apirilaren 17an agertu ziren Irunen, lehenengoz. Egun hartan, "alokatu zien etxejabearen enkarguz, etxebizitza uzteko" mehatxatu zuten familia. Irunera maiatzaren 28ra arte itzuli ez baziren ere (hilaren 5ean itzuliko zirela iragarri zuten), aste horietan guztietan enpresaren mehatxu eta xantaiak pairatu zituen familiak, dei eta mezu bidez. Hori horrela, maiatzaren 28an, 12:30ean agertu ziren desokupak etxebizitzaren atarian, baina hainbat militantek aurre egin ondoren, ospa egin eta 15:00etan itzuliko zirela egin zuten zin. Ordu horretarako 50 lagun inguru bertaratu ziren Dunboara, faxistei aurre egiteko prest, baina Burgosko jatetxe batean zeuden jada soldatapeko matoiak.
"Maizterrekin etengabeko harremanean izan gara", jakinarazi zuten atzo sindikatuko kideek, eta azaldu zuten nola lagundu duen erantzun antolatuak faxistei aurre egiteko: "Etxejabeekin duten gatazkan aholkularitza zerbitzua eman diegu eta desokupak itzultzen zirenerako gertu izan gara. Difusio-kanal bat ere sortu genuen kasuaren berri emateko eta familia babesten laguntzeko". Maizterrak esan zuen, babesgabe sentitu bada ere, beste etxebizitza bat bilatzeari ekin diotela: "Jabeari eskatu diogun bakarra ordainketa legez egiteko izan da".
Astebete igaro ez eta bigarren kasu bat bizi izan dute auzoan: ekainaren 1ean, Horus Desokupa enpresako bi matoi agertu zirenaren berri eman zuen sindikatuak. Une horretan, bizilagunek aurre egin zieten, eta auzotik kanporatu zituzten. Oraingoan ere, sindikatuko kideak harremanetan daude kaltetutako familiarekin. Hala ere, kasua ez da itxi: sindikatuko kideen esanetan, "aste batzuk barru itzuliko direla agindu" dute faxistek. "Desokupak auzoan agertzeko arriskuan jarraitzen dugu momentu honetan".