AKTUALITATEA / Desokupazio-enpresak

Irurtzungo bizilagun bat desokupazio-enpresa baten aldetik jasaten ari den jazarpena salatu dute

"Adaniatik gatoz" esanez, larunbatean babes ofizialeko bloke batera sartu ziren matoiak, maizterra beldurtzeko asmoz. Adaniak eta Balkanguardek etxegabetu nahi duten pertsonarekin elkartasunez, protesta bat egin zuten atzo herrian, Sakanako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta.
2026eko urriaren 15 - 09:08
Irurtzungo bizilagun bat desokupazio-enpresa baten aldetik jasaten ari den jazarpena salatu dute

Irurtzungo pertsona bat etxetik bota nahi dute Adania enpresak (Nafarroako etxejaberik handiena) eta Balkanguard desokupazio-enpresak: desokupak birritan bertaratu dira Irurtzunera azkenaldian, Adaniaren jabetzakoa den etxe batean bizi den bizilagunari presioa egiteko asmoz. Duela bi aste jazarri zuten pertsona hori etxe ondoan, baina presioa ez zen horretan geratu, joan den larunbatean bertaratu baitziren berriz.

Sakanako Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, babes ofizialeko etxebizitza-blokeko garajera sartu ziren matoiak larunbatean, "Adaniatik gatoz" esanez eta jomugan hartu duten maizterraren inguruan galdetuz. Horiek horrela, mobilizatzeko deia egin zuten Sakanako Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, bizilagunari babesa erakusteko eta desokupazio-enpresaren presentzia salatzeko. Atzo arratsaldean izan zen protesta, Irurtzungo Foruen Plazan.

Hilabete honen hasieran azaldu zuten maizterra 2018tik bizi dela pisuan, eta alokairu-kontratu bat sinatu zuela jabearekin, Adania enpresarekin. Gizonezkoak alokairu-kuota guztiak ordaindu dituen arren, bat-batean, ahoz komunikatu zion Adaniak ez zuela kontratua berritzeko asmorik. Horren ondoren hasi dira bertaratzen Balkanguard desokupazio-enpresako matoiak, bizilaguna etxea uztera behartzeko.

Etxebizitzaren negozioaren aldeko mertzenarioak

Atzoko protestan, desokupazio-enpresen izaera faxista seinalatu zuten berriz Kontseilu Sozialistako eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideek: "Enpresa hauek faxista bezala seinalatzen ditugu faxismoak historikoki bete duen funtzio berdina betetzen dutelako; behekoak kriminalizatzea goikoen mesederako".

Talde parapolizial horiek "kriminalizazioa maizterretara hedatzen" dutela ere ohartarazi dute; "etxea ordaintzeko zailtasunetan erortzen diren maizterretatik" hasi eta, "kasu honetan bezala, ordainketak egunean izan arren etxejabeak kontratua berritu nahi ez dien maizterretaraino, nahiz eta beren aurkako etxegabetze prozedurarik ez izan". "Azken batean, etxebizitzaren negozioa da defendatzen dutena, horretarako mertzenario lanak eginez gizarteko sektorerik pobretuenen aurka".

Adania: 1.000 etxe jabetzan

"Desokupazio-enpresez gain, haien zerbitzuak kontratatzen dituzten etxejabeak" ere seinalatu zituzten atzoko mobilizazioan, dena den. "Kasu honetan, Adania enpresaren jabetzako Babes Ofizialeko Etxe batean bizi da maizterra", zehaztu zuten: "Adania Nafarroako etxejaberik handiena da, 1.000 etxebizitza inguruekin, bere filialak aintzat hartzen baditugu. Jatorriz sakandarra den Lizarraga familiak kontrolatzen du enpresa; Espainiako Estatuko 500 aberatsenen artean dagoen familia".

Gogorarazi zuten, gainera, Adania dela "etxebizitzaren alorrean Nafarroako Gobernuaren partetik diru publiko gehien jasotzen duen enpresa" eta "aurreko pelotazo urbanistikoen garaian poltsikoak erruz bete" zituela. "Etxebizitza eskuratzeko ditugun zailtasunen erantzule zuzenetako baten aurrean gaude".

Adi egoteko deia

"Ezin gara besoak gurutzatuta gelditu. Desokupazio-enpresa faxistei aurre egin behar diegu, haien jarduna ez dadin normalizatu", nabarmendu zuten. Horiek horrela, datozen asteetan adi egoteko eskatu zuten: "Desokupazio-enpresako kideak agertuz gero, mezua zabalduko dugu ahal duen jende guztia bertaratu dadin [...] Enpresa horiek jendearen bakardadeaz eta ezjakintasunaz aprobetxatzen dira, baina jende antolatuaren aurrean kikiltzen dira ".