Etxebizitza denontzat. Desokupazio-enpresa faxistei aurre egin aldarritzat hartuta, elkarretaratze bat izan zen larunbatean Erriberrin (Nafarroa). Erdialdea Antifaxistak antolatu zuen protesta, herrian etxegabetze bat egin nahian ari baita OkupAcción. Behin baino gehiagotan bertaratu dira desokupazio-enpresa horretako matoiak, bikote bati jazartzeko eta euren etxea uztera behartzeko: aurreko asteartean egon ziren Erriberrin azkenekoz. Dena den, orduan ere herriko hainbat pertsona hurbildu ziren desokupei aurre egiteko asmoz, eta berriz egin behar izan zuten alde faxistek, etxe-kaleratzea gauzatu gabe.
Erdialdea Antifaxistak larunbateko mobilizazioan azaldu zuenez, desokupazio-enpresek "jazarpena eta indarkeria erabiltzen dituzte familia langileak beren etxeetatik botatzeko, jabeen eta errentatzaileen alde eginez". "Azken asteetan, etxebizitzaren auzia eztabaida politikoaren erdigunean egon da. Etxebizitza oinarrizko eskubide bat da, eta legeek, maizterrak babestu beharrean, talde parapolizialak, putre-funtsak eta jabe handiak babesten dituzte, gutxi batzuek oinarrizko beharrizan batekin espekulatzea ahalbidetuz", kolektiboak gaineratu zuen modura. Nabarmendu zuen ezinbestekoa dela "langile-klasea modu independentean antolatzea", "etxebizitzaren arazo larriari zein faxismoaren ondorio guztiei aurre egiteko".