"Gatazka batean esku hartzeko aitzakiarekin egun osoan zehar neurri gabeko presentzia poliziala izan dugu gure auzoan. Eremu osoa hartu dute, errepidea, kaleak, paseoa… Etxe batera ere inongo agindu judizialik gabe sartzeraino", adierazi dute Gasteizko (Araba) Errekaleorreko kideek ohar baten bidez, Argia-k jaso duenez. Errekaleorren esanetan, etxerik gabeko hainbat pertsona auzora bideratu zituen Poliziak, eta pertsona horiek Errekaleorreko etxe batera sartzen saiatu ziren. Polizia orduan bertaratu zen auzora, 13:30ak aldera lehenengo: ertzainak eta udaltzainak joan ziren, etxe batera sartzen saiatu ziren pertsonen eta auzoan bizi direnen arteko "gatazka ekiditea" aitzakiatzat hartuta.
19:00ak jota berriz bertaratu zen Ertzaintza, eta Errekaleorren arabera, jarrera "oldarkorra" izan zuen: "Hamarnaka auzokide zein proiektuari babesa adieraztera hurbildu diren Gasteizko herritar identifikatu eta katxeatu dituzte, inongo argudiorik gabe". Gaineratu dutenez, ez da Poliziak kale-egoeran dagoen jendea Errekaleorrera bidaltzen duen lehenengo aldia.