"Osakidetzako langileok ez dugu onartuko gure lantokietan tratu iraingarriak eta gizatasunik gabekoak ematea, joan den larunbatean, maiatzaren 23an, Ertzaintzaren eskuetan Flotillako kide batek jasan zituenak bezala", ohartarazi du ESK sindikatuak. Ertzaintzak Global Sumud Flotillako kideak eta haiei harrera egiten ari ziren pertsonak jipoitu zituen Loiuko (Bizkaia) aireportuan, eta atxilo hartu zituen horietako batzuk. Atxilotuetako bat Deustuko (Bilbo, Bizkaia) osasun-zentrora eraman zuten poliziek, zauriturik, eta zabalpen handia izan dute momentu horretako grabazioek: izan ere, ontzidiko kide hori lurrean eduki zuten ertzainek, loturik zegoela.
"Irudiak lazgarriak dira, erakusten duten duintasun urraketagatik: atxilotua, bi agenteren oinetan immobilizatuta, lepoa bihurritzera behartua, lurretik bere filiazio-datuak emateko", seinalatu du ESK-k. Sindikatuak Osakidetzari exijitu dio "beharrezko neurriak har ditzala gure lantokietan pertsonak gizatasunez artatu daitezen eta Euskadiko osasun-sisteman pertsonen Eskubide eta Betebeharrei buruzko Adierazpena onartzen duen uztailaren 21eko 147/2015 Dekretua bete dadin".