AKTUALITATEA / Palestina
Flotillako azken ontziei eraso die Israelgo Armadak
Bi egunez abordatzen aritu ondoren, itsas-armada sionistak 'Sirius' belaontzia harrapatu du; 300 pertsona baino gehiago bahitu ditu jada. AEBek flotillako lau kide zigortu dituzte, "Hamasekin loturak izatea" egotzita.
2026eko maiatzaren 20 - 08:37
Flotillako azken ontziei eraso die Israelgo Armadak
— ARGAZKIA Directa-ren bidez

Gazara bidean zihoan ontzidi humanitarioko azken bi ontziak atzeman zituen atzo Israelgo Armadak, Palestinako kostaldera iristen saiatzen ari ziren ontzi zibilak blokeatzeko bi egunez egindako erasoei amaiera emanez. Global Sumud Flotillak emandako informazioaren arabera, azken esku-hartze militarra 15:30 (GMT) inguruan izan zen nazioarteko uretan, Zipreko hego-mendebaldeko kostaldearen aurrean. Itsas-armada sionistako patruila-ontzi bat heldu zen 'Sirius' belaontziarengana; Gazarantz jarraitzen zuen bi ontzietako bat.

Apirilaren 15ean hasi zen Global Sumud Flotillaren misio orokorra: gutxienez 54 ontzi itsasoratu ziren Bartzelonako portutik, 500 pertsona ingururekin, baina apirilaren amaieran lehen bahiketa jasan zuten Greziatik gertu. Atzo, martxan jarraitzen zuten ontziak geldiarazi zituzten soldadu israeldarrek: 70 bat ekintzaile ziren une horretan, astelehenean 30 ontzi baino gehiago blokeatu ondoren. Antolatzaileek adierazi dutenez, atxilotuak Israelgo Ashdod portura eramaten ari dira. Flotillak salatu zuen, gainera, bost itsasontziri gutxienez jaurtigaiak bota dizkietela indar sionistek, abordatze-maniobretan.

Salaketa larri horien aurrean, Israelgo Kanpo Arazoetako Ministerioko bozeramaile Oren Marmorsteinek ukatu egin du flotillako kideen aurka benetako sua erabili izana. Soldaduek "bitarteko ez hilgarrietara" jo zutela esan zuen, "ohartarazpen gisa soilik eta ontzien egituraren aurka zuzenduta, aldez aurreko abisuak eman ondoren". Hala ere, ontzidiko kideek argitaratutako bideoek erakusten dute soldaduek gomazko balak bota dizkietela zuzenean. Une honetan, Israelgo indarrek 300 kide baino gehiago dituzte bahiturik: inkomunikatuta daude, eta ezinezkoa da momentuz kalteak ebaluatzea. 

Lau kideren aurkako zigorrak AEBetan

Estatu Batuetako Altxorraren Departamentuak atzo bertan jakinarazi zuenez, zigorrak ezarriko dizkie flotillako lau parte-hartzaileri, Hamasekin elkarlanean aritzea eta eskualdean "nazioarteko bake-ahaleginak oztopatzea" leporatuta. Europa Press albiste-agentziak adierazitakoaren arabera, AEBetako Atzerriko Aktiboak Kontrolatzeko Bulegoak zigortu egin du Saif Abukeshek ekintzaile palestinarra, Bartzelonan bizi dena. Israelek maiatzean atxilotu zuen, Grezian.

Zigor-neurri horiek (aktiboak izoztea eta AEBen jurisdikziopeko finantza-transakzioak debekatzea barne hartzen dute) beste hiru pertsonari ere ezarri dizkio Washingtonek, hain zuzen ere, Hisham Abdallah Sulayman Abu Mahfuzera, Mohammed Khatibera eta Jaldia Abubakra Auedarari. Azken hori Samidoun elkartasun-sareko koordinatzaile gisa identifikatu zuten Madrilen.