AKTUALITATEA / Osasungintza
Fiskaltzak artxibatu egin du Osakidetzako txerto iraungien kasua
Txertoek haurrei kaltea eragin ez zietela iritzita hartu dute erabakia. Dena dela, kasua artxibatzeko argudioekin osatu duten dokumentuan, txertoen kudeaketan "hutsegiteak" eta "akatsak" egon direla jaso du EAEko Fiskaltza Nagusiak.
2026eko ekainaren 10 - 11:12
Fiskaltzak artxibatu egin du Osakidetzako txerto iraungien kasua
— ARGAZKIA gipuzkoagaur.cpm

Fiskaltzak Osakidetzako txerto iraungien auzia artxibatu egin du. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Fiskal Nagusiaren arabera, Carmen Adan del Rio, txerto horiek ez diete kalterik eragin haurrei. Beraz, ez omen dago ebidentziarik osasun-sare publikoaren aurkako akusazioa delitu gisa epaitzeko. Pazientearen Defendatzailea elkarteak aurkeztu zuen salaketa.

Urtarrilean, EAEko osasun-sare publikoak ohar bat plazaratu zuen, gutxienez 253 lagunek "duela gutxi" iraungitako txerto hexabelenteak jaso zituztela aitortuz, haurrak gehienak. Ostera, 274ra igo zen gero kaltetuen kopuru hori. Ordu hartan, EITBk txertook difteria, tetanosa, kukutxeztula, haemophilusa, polioa eta B hepatitisari aurre egiteko dosiak zirela jaso zuen, teorian bada ere. Kasuak arrabotsa sortu zuen; izan ere, bi, lau eta 11 hilabeteko umetxoek jaso ohi dute txerto hori. Pazientearen Defendatzailearen ustez, txerto iraungiek ez dute behar besteko eraginkortasunik, eta serum iraungiek erreakzio kaltegarriak eragin ditzakete; txikienen kasuan, are eta errazago. Salaketa jartzeko, pazienteen, senideen eta osasun-langileen testigantzak jaso zituen elkarteak. Txertoen fabrikatzaileak, gainera, argi adierazi zuen: iraungitze-datatik aurrera, dosiek ez zuten babesik ematen, eta horiek kalterik eragingo ez bazuten ere, premiazkotzat jo zuen pazienteek zegokien dosia garaiz jasotzea. Haatik, haurtxoen familiek ezin omen izan dute erreakzio kaltegarririk atzeman, eta horregatik hartu omen du erabakia Fiskaltzak.

Txertoen kudeaketan "akatsak" eta "hutsegiteak"

Dena dela, kasua artxibatzeko argudioekin osatu duen dokumentuan, txertoen kudeaketan "hutsegiteak" eta "akatsak" egon direla jaso du Fiskaltzak. Batetik, Osakidetzak epaiketarako osatutako eta bidalitako dokumentazioan hutsuneak daude, eta txostenek ez dute jaso beharreko guztia: "Hainbat idatzik, tartean, orrialde erdia zuri ageri dute, eta horrek mezuak ulertzea galarazi du". Txosten horiek idatzi eta entregatzeko, Osasun Sailak hamar eguneko epea eman zion osasun-zerbitzuko zuzendari nagusiari, Lore Bilbaori. Zuzendariak ez zuen epea bete, ordea. Bestetik, fiskalak Pazientearen Defendatzailea elkarteari bidali dion txostenean, bigarren txertaketak berandu egin direla jaso du Adan del Riok. Hori dela eta, fiskalak adierazi du "balitekeela" salaketak beste bide judizial batzuetatik aurrera egitea.

Hala eta guztiz ere, erabakiaz kexu agertu da Carmen Flores Pazientearen Defendatzaileko eleduna. Floresen arabera, kausa artxibatzea ez da izan erabaki zuzenena.. Haren ustez, haurtxoei iraungitako txertoak jartzea ez da "akats administratiboa"; eta, kasu honetan, badira eskubide-urraketen zantzuak: "Paziente eta umetxoen osotasun fisikorako eskubidea urratu dute, eta erabaki horrek haien osasuna kolokan jar zezakeen". Arduragabekeria leporatu die erabakiaren arduradunei.