Aurreko larunbatean, ekainaren 13an, milaka lagun mobilizatu ziren Iruñean (Nafarroa), Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. Hiru zutabe osatu zituzten manifestariek, hiru aldarrikapen konkretu egiteko: "ofizialtasun osoa", "jauzia hizkuntza-politiketan" eta "euskaltzaletasuna". 17:00etan irten ziren zutabeak Antoniuttitik, Runako Parketik eta Askatasun Enparantzatik, eta Gaztelu Plazan elkartu ziren Nafarroako hiriburuko kaleak gurutzatu ondoren.
Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektiboak, Gazte Euskaltzaleen Sareak nahiz Batuz Aldatu dinamikak hartu zuten hitza Gaztelu Plazan, baita Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek ere. Euskara "hizkuntza minorizatua" dela eta euskararena "egiturazko arazo" bat dela gogoraraziz, "eskubideen aitortze formaletik haragoko baldintza errealak" galdegin zituen; "politikoak, sozialak, kulturalak, materialak... Ekosistema oso bat behar du euskarak".
Aipatutako hiru zutabeak jo zituen horretarako oinarritzat: alegia, "ofizialtasun osoa euskararentzat, Euskal Herri osoan"; "minorientzako hizkuntza-politikak atzean utzi, eta ezagutza orokortzea eta normal erabiltzeko egiazko baldintzak ekarriko dituzten hizkuntza politika anbiziotsu eta ausartak"; eta euskaltzaletasuna, bai "kokatua, ondo kokatzen duelako zer den euskarari eta euskal hiztun komunitateari gertatzen zaiona" eta "euskaltzaletasun antolatua, egunerokotasunean euskaltzale jokatzeko konplizitateak bilatu eta saretuko dituen milaka herritarren sarea". "Euskararen etorkizuna jokoan dago. Horregatik elkartu gara gaur Iruñean: euskaraz bizitzeko behar den dena eskatzeko, euskaraz behar den dena eratzen hasteko", adierazi zuten Euskalgintzaren Kontseilutik.
