AKTUALITATEA / Euskara
"Euskaraz bizitzeko baldintza errealak" aldarrikatuko ditu Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an
Manifestazio batera deitu du Iruñean, hiru aldarri nagusirekin: "ofizialtasun osoa", "hizkuntza-politiketan eman beharreko jauzia" eta "euskaltzaletasuna".
2026eko ekainaren 2 - 09:04
"Euskaraz bizitzeko baldintza errealak" aldarrikatuko ditu Euskalgintzaren Kontseiluak ekainaren 13an
— ARGAZKIA Euskalgintzaren Kontseilua

Euskalgintzaren Kontseiluak mobilizazio-deialdi bat egin du Iruñean (Nafarroa) datorren ekainaren 13rako, Euskaraz bizitzeko behar den dena lelotzat hartuta: "euskaraz bizitzeko baldintza errealak" erreibindikatuko ditu manifestazioan, eta  "Euskal Herri osoko euskaltzaileei" egin die mobilizatzeko deia.

Hiru zutabek osatuko dute martxa, hiru aldarri irudikatzeko: "ofizialtasun osoa", batetik, "jauzia hizkuntza-politiketan", bestetik, eta "euskaltzaletasuna", azkenik. 17:00etan abiatuko dira zutabeak eskaera banarekin, Antoniuttitik, Runako Parketik eta Askatasun Enparantzatik. Gero, Gazteluko Plazan elkartuko dira guztiak. Ofizialtasunari dagokionez, Euskalgintzaren Kontseiluak nabarmendu du "euskararen normalizazioan aurrera irmo eta bermez egiteko ezinbestekoa dela euskara ofiziala izatea Euskal Herri osoan, gaztelania eta frantsesaren pare, bestelako baldintza murriztailerik gabe". Hizkuntza-politiken inguruan, seinalatu du, "euskarak etorkizunik izango badu eta mundu aldaketa hauetara denetara egokituko bada, premiazkoa dela paradigma aldaketa bat gertatzea hizkuntza-politiketan, eta euskararen ezagutza orokortzeko eta normaltasunez erabili ahal izateko baldintza errealak sortzea". Eta hirugarrenik, euskaltzaletasunaren harira, azpimarratu du, "euskarak aurrera egingo badu, herritarron ekarpen eta ekinari esker izango dela beste garai ilun batzuetan bezala, euskaltzaleon ekimen antolatuari esker".

Idurre Eskisabel bozeramaileak deialdiaren aurkezpenean adierazi zuen "euskararen etorkizuna jokoan den honetan" funtsezkoak direla, "norberaren erabakimenaz harago, euskaraz bizitzea egiaz posible egingo duten baldintzak, euskaltzale antolatu gisa eskatu behar ditugunak, eta justizia sozialean eta demokrazian sinesten duten gizarte gisa eratu beharrekoak ". Eta sakondu zuen: "Urteak daramatzagu 'euskaraz bizi nahi dut' esaten, aldarrikatzen. Are, egunerokoan euskaraz bizitzeko ahalegin neketsua egiten. Baina euskaraz bizitzeko norberaren bakarkako ahaleginaz harago denon artean osatutako baldintzak behar dira".