"Kereila kriminal" deituriko bat aurkeztu du Global Sumud Flotillaren Euskal Herriko ordezkaritzak Bilboko (Bizkaia) epaitegian, maiatzaren 23an Loiuko (Bizkaia) aireportuan izandako gertakarien harira. Haizea Ziluaga eta Iker Sarriegi abokatuek atzo eman zuten kereilaren berri komunikabideen aurrean: hainbat delitu egotzi dizkiete Loiuko karga polizialen erantzuleei, hala nola, lesioak eragitea, hainbat pertsona legez kontra atxilotzea eta gorroto-delitu bat egitea.
Ontzidiak hainbat arduradun konkretu jarri ditu jopuntuan herri-akusazio modura kereila auzitara jotzean, zehazki, Loiun interbenitu zuten ertzainak, dispositibo poliziala zuzendu zuten agenteak, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiria. Aireportuan ertzainek "basakeria poliziala" erabili zutela salatu dute berriz ontzidikoek, haiek nahiz haien senideak, lagunak eta kideak jipoitu baitzituen Ertzaintzak. Ziluagak atzo oroitarazi zuenez, "Euskal Herri osoak eta munduak ikusi zituen irudiak; Ertzaintza nola oldartu zen flotillako kideen kontra". Eta gaineratu zuen: "Israelgo indar okupatzaileek bahitu ostean eta han bortizkeria handia jasan ostean, Euskal Herria zapaltzean Ertzaintzaren basakeriarekin egin zuten topo aktibistek".
Horrekin batera, Zupiriaren adierazpenak gaitzetsi zituen Ziluagak: "Begi-bistakoa ukatu egin du". Sailburuak hainbatetan hartu behar izan du hitza publikoki, Loiuko gertakariak zirela-eta, baina erantzukizuna erabat hartzeari uko egin dio behin eta berriz: flotillakoei harrera egiten ari zen jendea "probokazioetan" aritu zela adierazi du behin baino gehiagotan, eta "ezker muturreko" taldeen eragina ere aipatu du. Are: Mugimendu Sozialistak txosnetan parte hartzeko eskubidearen aldeko abestiaren letrak eraman zituen Eusko Legebiltzarrera, fokua aldatzen saiatzeko.
Bitartean, Loiuko interbentzio polizialaren aurkako jarrerak indarra hartu du jendartean, maiatzaren 24an bertan milaka lagun mobilizatu izana horren erakusle; eta Global Sumud Flotillaren Euskal Herriko ordezkaritzak defendatu du "eskubide zibil eta politiko" bat dela Palestinarekiko elkartasuna.