AKTUALITATEA
Astearte iluntzean, Hapoel Tel Aviv saskibaloi-talde israeldarrak jokatu zuen Gasteizko Araba Arena estadioan, Baskoniaren aurka. Partida bertan behera uzteko eskaera sozialari beste urte batez entzungor eginez, hitzordua mantentzea eta, gainera, abonatuei bertaratzeko aukera ematea erabaki zuen Baskoniako zuzendaritzak. Zale ugarik, dena den, bat egin zuten Palestinaren aldeko mugimenduek boikoterako zabaldutako deiarekin, eta oso ikusle gutxi bertaratu ziren. Ikusle apur horietako batzuek, gainera, Palestinaren aldeko ikurrak eraman zituzten, baina zentsura jasan zuten.
Gasteiz Hoy-k zabaldutako bideo batean ikusten denez, besteak beste, zaleek harmailetan ateratako Palestinaren banderak kendu zituzten segurtasun-indarretako agenteek. Horrek sortutako haserrearen aurrean, azalpenak eman behar izan ditu Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak: esan du ikur horiek kentzeko erabakia Ertzaintzako dispositibo-buruarena izan zela. Cadena Ser-ek gaineratu duenez, Jaurlaritzak gaineratu du Kiroleko "Biolentziaren Aurkako Legea" kontuan hartuta eman zuela agindu hori ertzain-buruak.
Ikurren zentsuraz gain, Araba Arenara bertaratutako abonatu guztiek nortasun-agiria erakutsi behar izan zuten estadiora sartzeko, eta presentzia polizial handia izan zen.