Skip to Content
AKTUALITATEA / Sindikalismoa

Greba egin dute trenbide-sareko langileek, segurtasun-neurriak eskatzeko

Renfe, Adif, Ouigo nahiz Iryo enpresetan izan zuen eragina atzoko lanuzteak, Urdako istripu larriaren ondoren. Espainiako Estatuko trenbide-sarean segurtasuna hobetu dadila eskatzen dute langileek, baita lan-baldintzak hobetu daitezela ere. Beste hainbatetan jo dute grebara azken urtean.
2026eko azaroaren 18 - 10:36
Greba egin dute trenbide-sareko langileek, segurtasun-neurriak eskatzeko
— ARGAZKIA El Español

AKTUALITATEA

Espainiako Estatuko trenbide-sareko langileek greba egin zuten atzo, azaroaren 17an, segurtasun-baldintzetan eta lan-baldintzetan hobekuntzak exijitzeko. Renfe, Adif, Ouigo eta Iryoko ordezkaritza sindikalek deitu zuten lanuztea, eta Hego Euskal Herrian ere izan zuen eragina: Iruñean, esaterako, geltokiaren parean egin zuten protesta bat Renfe, Adif y LogiRAILeko beharginek. SEMAF sindikatuaren arabera, estatu mailan, %100eko jarraipena eduki zuen grebak makinisten artean, gutxieneko zerbitzuek sortutako eragozpenak gorabehera (EAEn, adibidez, %50eko zerbitzu minimoak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak puntako orduetarako).

Joan den urriaren amaieran Urdan (Toledo) izandako tren-istripu larriaren ostean etorri da greba: Renferen AVE batek Iryo bat jo zuen geltokiko sarreran, eta ia 70 lagunek galdu zuten bizia talkaren ondorioz. Urtarrilean Adamuzen (Kordoba) gertatutakoa batuz gero, gutxienez 115 pertsona hil dira bi tren-istripu horietan.

Azaroaren 10ean eta 11n ere izan ziren lanuzteak sektorean, baina ez da azken urtean langileek protestara jotzen duten lehen aldia: Adamuzko ezbeharraren ondoren mobilizazioei eta grebari ekin zieten, esaterako. Urdako eta Adamuzko istripuen aurretik, SEMAFek hilabeteak zeramatzan bibrazioez, langile faltaz eta Madril-Sevilla lineako mantentze prebentiboa bertan behera geratu izanaz ohartarazten.