Errotxapeko (Iruñerria, Nafarroa) Subegi Gaztetxearen itzulera iragarri zuen atzo Arriasko Gazte Langileon Asanbladak, aste luzez espazio berria egokitu, txukundu eta konpondu ondoren. Gazteek azaldu dutenez, proiektuaren helburua gazte langileentzako antolakuntza eta elkargune izatea da, kapitalismoaren aurka, bestelako gizarte-eredu baten alde lan egiteko.
Asanbladaren arabera, Gaztetxeek garrantzia handia izan dute historikoki auzoko dinamika politiko, sozial eta kulturaletan, eta hutsune hori betetzeko asmoz aurkeztu zuten lehen aldiz Subegi Gaztetxea joan den apirilaren 24an. Hala ere, espazioa aurkeztu eta gutxira desalojatua izan zen, legez kontra. Arriaskok salatu du desalojo hori okupazioaren eta Gaztetxeen aurkako ofentsiba zabalago baten barruan ulertu behar dela.
Dena den, gazteek azpimarratu dute desalojoak ez zuela proiektua eten. "Hori ez zen amaiera, hasiera baizik", adierazi dute. Ordutik, auzoko beste espazio batean lanean aritu dira, eta Subegi Gaztetxearen itzuleraren berri eman dute orain.
Azken hilabeteetan hutsik egon den espazioa egokitzen eta berritzen aritu ondoren, auzoko gazteei dei egin diete proiektuan parte hartzera. Horretarako, asanblada irekietan, auzolanetan eta datozen asteetan antolatuko dituzten egitarauetan parte hartzeko gonbita luzatu dute. Helburua, diotenez, Errotxapeko gazteen artean eraikitako eta kudeatutako espazio bizi bat eratzea da.