Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi du salaketa aurkeztu duela Desokupa Castilla y León (DesokupaCyL) desokupazio-enpresaren aurka; azken hilabeteetan, Euskal Herrian bere jarduna nabarmen areagotu du enpresak. Zehazki, Datuak Babesteko Espainiako Agentzian jarri du salaketa sindikatuak, desokupazio-enpresen ohiko praktiketako bat baitu jomuga: langile-familien informazio pertsonala sare sozialen bidez publikoki zabaltzea.
Sindikatuaren arabera, enpresa horien negozio-eredua, neurri handi batean, "egoera zaurgarrian dauden pertsonen esposizio publikoan oinarritzen da". "Milaka jarraitzaile dituzten kontuetan etxebizitzen helbideak, identitateak eta kaltetutako familien bizitza pribatua ere agerian uzten dituzten bideoak eta irudiak zabaltzen dituzte, eta seinalamendu- eta gorroto-kanpainak elikatu", azaldu du: "Pertsona horien aurkako gorrotoa modu irekian sustatzen da, kontakizun faltsu eta kriminalizatzaileak eraikiz".
Antolakundearen ustez, bereziki larria da praktika horiek normalizatzea. Azpimarratu du, hala, "egoera ekonomiko zaurgarri batek ezin duela inola ere pertsona baten esposizio publikoa justifikatu": "Ezin dugu onartu halako basakeria normalizatzea: familia batek alokairua ordaindu ezin izateak ez du justifikatzen haren intimitatea sare sozialetan gorrotoaren objektu gisa erakustea". Nabarmendu du ekimen judizial hau berritzailea dela enpresa horien aurkako borrokan, baina arazoa askoz sakonagoa dela. Horregatik, desokupazio-enpresen jardunbide osoa ilegalizatzeko beharra azpimarratu du, pertsona zaurgarriak beren etxeetatik kanporatzeko mehatxuak, jazarpena eta presioa erabiltzen dituztela ohartaraziz.
Desokupen jarduerak legezkoa izaten jarraitzen duen bitartean, dena den, sindikatuak beharrezkotzat hartzen du "enpresa horien jokabide zehatzen aurka egitea, hainbat bidetatik borrokatu daitezkeenak". Horri erantzuten dio DesokupaCyLen aurka aurkeztutako salaketak.
Desokupazio-enpresak: izaera faxistako taldeak
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berretsi du desokupazio-enpresak izaera faxistako erakundetzat jotzen dituela, hainbat arrazoi direla-eta. Lehenik eta behin, "haien metodoak langile-klasearen aurkako indarkeria eskuadristan oinarritzen direlako; bigarrenik, "betetzen duten funtzioa klase jabeduna legezkotasunaren gainetik defendatzea delako"; eta bestetik, "enpresa horietako kide askok lotura frogatuak dituztelako eskuin muturrekoak edo zuzenean faxistak diren erakunde, talde edo alderdiekin, eta populazioaren sektore zaurgarrien kriminalizazioan oinarritutako funtzio ideologikoa betetzen dutelako". Sindikatuaren hitzetan, "proletalgoaren aurkako kriminalizazio- eta jazarpen-funtzio ideologikoa betetzen dute".
Horregatik guztiagatik defendatzen du legez kanpo utzi beharko liratekeela desokupazio-taldeak. Hala ere, seinalatu du gaur egun "instituzioen eta polizia-indarren konplizitatea eta lankidetza" dutela, eta horrek haien jardunari aurre egitea eskatzen duela "esparru guztietan"; "kalean, esparru ideologikoan eta baita bide judizialaren bidez ere".
Euskal Herriko desokupazio-enpresen azken kasuak
Azken kasua maiatzaren 28an gertatu zen Irungo (Gipuzkoa) Dunboa auzoan. Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, DesokupaCyL langile-familia baten etxebizitzara gerturatu zen, hura bere etxea uztera behartzeko. Sindikatuak, baina, asteak zeramatzan familiarekin harremanetan eta enpresaren balizko esku-hartzeari erantzun kolektiboa prestatzen. Horiek horrela, desokupak etxebizitzara hurbiltzen saiatu zirenean, sindikatuko kideekin egin zuten topo; matoien jarduna eragotzi eta bertatik alde egitera behartu zituzten. Enpresako arduradunek publikoki iragarri zuten arratsalde berean itzultzeko asmoa zutela, eta mehatxu horren aurrean, dozenaka lagun bildu ziren atariaren aurrean familia babesteko. Azkenean, ordea, enpresa ez zen itzuli.
Irungo kale berean dagoen bigarren kasu baten berri izan du sindikatuak, gainera. Bertan, beste langile-familia batek Horus Desokupa enpresaren jazarpena pairatzen du. Familia horrekin ere harremanetan dago sindikatua, eta dagoeneko hainbat protesta-ekimen sustatu ditu herrian.
Hilabete batzuk lehenago, antzeko beste hainbat gertakari ere izan dira Euskal Herrian. Zornotzan (Bizkaia), ama langile batek hilabete luzez jasan zuen DesokupaCyLen jazarpena. "Antolakuntza bidezko esku-hartzeak enpresa bere jarduna etetera behartu zuen, nahiz eta ez dugun baztertzen etorkizunean berriro agertzea", jakinarazi dute sindikatutik. Beste kasu esanguratsu bat Burtzeñan (Barakaldo, Bizkaia) jazo zen: sindikatuko kideek desokupazio-enpresa bateko kideei aurre egin zieten eta legez kanpokotzat jotzen duten etxegabetze bat gauzatzea eragotzi zuten. Ondoren, sindikatuak bizitoki-alternatiba bat lortu zuen kaltetutako familiarentzat.
