AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/02/05 07:50

Atzo, Barakaldotik (Bizkaia) alde egin behar izan zuten DesokupaCyL desokupazio-enpresako matoiek, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistako kideekin topo egin ostean. Sindikatuak salatu duenez, Burtzeñako langile-familia bat beldurtzen jarraitzeko asmoz bertaratu zen talde faxista, baina "ongietorriak ez direla" erakutsi zieten hainbat militantek, eta joan egin behar izan zen.

Urtarrilaren 26an, sindikatuak ohartarazi zuen DesokupaCyL aste honetan bertan itzuliko zela Bizkaira, urtarrilean Zornotzan, Bilbon eta Barakaldon hainbat esku-hartze egin ondoren. Atzo goizean bertan, bideo bat argitaratu zuen talde parapolizialak, Lasarten (Gipuzkoa) zela eta emakume bat mehatxatuko zuela adieraziz, eta horren ostean hurbildu zen Bizkaira. Barakaldotik alde egin eta gero, Zornotzara bertaratu ziren matoiak, bertan beste pertsona bat etxegabetu nahian ari baita.

Sindikatuaren esanetan, kaltetutako pertsonak bakarrik bizi diren emakumeak dira, eta "bi kasutan, indarkeria matxista jasan duten emakumeak". Gainera, "kasu guztietan, jabetzaren aldetik irregulartasunak edo iruzurrak daude, hala nola Babes Ofizialeko Etxebizitzen legez kanpoko alokairuak edo kontraturik gabeko alokairuak".

Enpresa horien izaera faxista ere gogorarazi du sindikatuak, erakunde politiko faxistekin dituzten loturak salatuz. Egoerarik zaurgarrienean dagoen proletalgoaren aurka jarduten dutela eta langile-familiak kanporatzeko intimidazioa eta indarkeria erabiltzen dituztela ere azaldu du, estatu-instituzioen "babesarekin" eta "isiltasunarekin".

Mobilizazioa Barakaldon gaur arratsaldean

Desokupazio-enpresa faxistei kontra egiteko, Barakaldon mobilizazio-deialdi bat egin dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Ezkerraldeko Kontseilu Sozialistak: iluntzeko 19:30ean Burtzeñako frontoira bertaratzera deitu dute.

EZ DAGO IRUZKINIK