AKTUALITATEA / Preso politikoak
Berangokoak aske
Ondoko idatzia helarazi dute hainbat euskal preso politikok, Berangoko hamasei laguni Auzitegi Nazionalean egingo dieten epaiketaren atarian; ekainaren 8an hasiko da. Larunbat honetan, manifestazio nazional bat izango da Algortatik Berangora, "eskubide zibil eta politikoen defentsan".
2026eko maiatzaren 28 - 10:56
Berangokoak aske

Hona hemen gutuna:

"Ekainean zehar 16 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean preso politiko ohi baten ongietorrian parte hartzea leporatuta. Madrilen edo Parisen euskaldunak epaitzea ezohiko berria izan ez arren, kasu honek, bizi dugun garaia kontuan hartuz, bere berezitasuna zein garrantzia dauzkala uste dugu.

Terrorismoaren goraipamena leporatzearen atzean ezkutatu nahi dena herri honetako sektore baten konpromiso, eskuzabaltasun eta elkartasunaren kriminalizazioa da. Aldarrikapen eta borroka politikoak historikoki Euskal Herriaren izaera iraultzailearen zutabe izan dira, eta beste herrialdeetan gertatzen den bezala, hemen ere estatuaren biolentziaren mehatxua bukaezina da.

Hau errepresio politikoaren baitako kasu bat da, ez baita abagune eta leku zehatz batean kokatu beharreko gertakizun bat, eskubide politiko eta zibilen aldeko konpromisoaren aurkako beste eraso bat baizik. Zigortu nahi dutena ez da jarrera zehatz bat, izaera borrokalari eta iraultzailea baizik. Beraz, ikusten dugun aukera bakarra defentsa politikoa da. Errepresioaren aurkako erresistentzia unibertsala denez eta zapalduon borrokak zilegi direnez, gure herrian historikoki egin izan den moduan, epaiketa hau salatu beharrean gaude auziaren mami politikoa nabarmenduz eta auzipetu guztiei gure elkartasun eta kidetasun politikoa luzatuz. Zapaltzaileek langileriaren eta herri zapalduen kontra egiten duten ofentsibak era kolektiboan kolpatzen gaitu, beraz, kolektiboki defendatzeko premia daukagu.

Errepresioaren helburuetako bat jendea izutzea da, euren asmoa zapalduon artean beldurra zabaldu eta gure eskubideen aldeko borrokan amore ematea delarik. Era berean, mehatxuen eta biolentziaren bidez, indibidualismorantz bultzatzen gaituzte gure borroka eta izaera politikoa deuseztatzeko xedearekin. Zapaltzaileen trikimailu hauek euren eragina izan badezakete ere, politika antzuak direla ozen esan dezakegu Euskal Herritik. Adibidez, euskal preso politikookiko elkartasuna beti egon da presente gure lantokietan, eskoletan, kaleetan… eta baita frontoietan ere. Amnistia Osoaren aldarrikapenak, zeinak Euskal Herriaren eskubide politiko guztien bermea ekarriko digun, beti izan du lekua gure borrokan. Eta izaten jarraitzen du auzi honetan, hasieratik ikusi dugun eran. Argi dago ezin dugula ukatu preso politikoen militantzia eta ekarpen politikoaren aitortza herri honen baitan dagoela eta egongo dela.

Militantzia politikoaren aitortza eta defentsa borroka ideologikoaren zutabeak izanda, ikuspegi horretatik zapaltzaileen kartzeletan urteetan errepresioa, mehatxuak, bortizkeria eta xantaiak jasaten egon diren militante politikoei ongietorria egitearen alde gaude. Errepresioa ekiditea dagokigu, baina ez gure izaera borrokalariari eta solidarioari uko eginez. Eta azkenean estatuen biolentziak jotzen bagaitu, duintasunez eta koherentziaz aurre egin behar zaio, kasu honetan auzipetuak egiten ari diren bezala. Hain zuzen ere, horiek dira errepresioa jasotzen dugun jende ororen lubakiak. Hortik kanpo ez ginateke bizirauteko gai izango, gure helburuak lortzeko ezinbesteko armak galduko baikenituzke. Eta azkenean, izupean eta mehatxupean bizitzera kondenatuak egongo ginateke, hortik kanpo asimilazioa eta kolaborazionismoa soilik dira aukerak.

Balia dezagun auzi hau lubaki horietan mantentzen den lan eta militantzia politiko hori aitortzeko, eta baita defendatzeko ere. Auzi honetan kartzelaratzearen mehatxupean Madrilera joango diren militanteen jarrera aintzat har dezagun, bide bakarra borroka dela gogorarazteko, eta bide horretan konpromiso zintzo eta eskuzabala ezinbestekoa dela ez ahazteko.

Hau guztia esanda, hemendik maiatzaren 30ean Algortatik abiatuko den nazio manifestaldirako deialdia egin nahiko genuke. Hor, epaiketaren atarian, auzipetuei elkartasun politikoa eta animoak helarazteko aukeraz gain, zapalduon eskubide politiko eta zibilen aldeko hitzordua daukagu, zapaltzaileei ozen esateko ez gaudela menperaturik, ezta beldurturik ere".

Berangokoak aske! Amnistia osoa!

J.M. Etxeberria Goierri

Garikoitz Etxeberria

Jon Kepa Preciado

Saioa Sanchez

Mikel San Sebastian

Patxi Ruiz