AKTUALITATEA / Errepresioa
Beasaingo Udala 1.000 eurorainoko isunak jartzen ari da, propaganda politikoa egiteagatik
Udala herriko kamerak baliatzen ari da jendea isuntzeko, Goierriko GKSk azaldu duenez. Udalaren jarrera autoritarioa salatu du, eta exijitu dio isunak eta kamerak ken ditzala.
2026eko maiatzaren 11 - 13:10
Beasaingo Udala 1.000 eurorainoko isunak jartzen ari da, propaganda politikoa egiteagatik

Kalean kartelak edo pankartak jartzeagatik, 300 eta 1.000 euro arteko isunak ezartzen ari da Beasaingo Udala (EAJ), Goierriko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) salatu duenez. "Urtarrilean, EAJko zinegotzi batek pankarta bat jartzea eragotzi zigun kalean buiaka hasita eta udaltzain batek mehatxu egin zigun, kartelak edo pankartak jartzen jarraituz gero, isuntzen hasiko zitzaizkigula esanez", azaldu du. Bada, azken asteetan zazpi isun jaso dituzte, denera 2.100 eurokoak momentuz. "Beasaingo Udala aldarri politikoak zabaltzeko trabak jartzen ari da".

Isunak jartzeko, herrian zehar ipinitako kontrol-kamerak erabili ditu udalak. "Udalaren hitzetan, 'segurtasuna eta prebentzioa indartzeko' jarri dituzte kamerak, baina isun hauekin euren funtzio errepresiboa argi ikusten da", seinalatu dute GKSko kideek. Kameretan xahutzen den diru kantitateaz ohartarazi dute, gainera: "2026ko martxoan jarritako sei kamera berriak lau urtez alokatzeko, 49.864,04 euroko aurrekontua onartu berri du udalak".

Kartelei dagokienez, GKSk gogorarazi du udalaren paneletan jartzeko baimena besterik ez duela ematen udalak. Pankartei dagokienez, aurrez jakinarazi behar da zein mezu izango duten idatzita, eta derrigorrezkoa da pertsona bat erantzule modura identifikatzea. Udalak, hala, "kaleetan jar daitezkeen aldarriak zentsuratzeko eskumena" dauka eta horrek "adierazpen-askatasuna mugatzen" du, Goierriko kideen esanetan. Gaur egungo testuinguruari erreparatuta, gogorarazi dute "borrokatzeko eta aldarriak zabaltzen jarraitzeko beharra beti bezain presente" dagoela. Beraz, kontuan hartuta kale-mailan jarduten duten hamaika mugimenduek ez dauzkatela "enpresari handiek eta politikari profesionalek dauzkaten baliabideak (masa-komunikabideak, think tank-ak...)" euren aldarriak zabaltzeko, aldarrikatu dute "gazte antolatuoi ezinbestekoa zaigula kalean politika egiteko eta militantziarako baldintzak defendatzea".

EAJ "joera autoritarioan sakontzen" ari dela salatuz eta "gazte langileon aurka gauzatzen ari den errepresioa eta indartzen ari den kontrol soziala" gogoan izanda, Goierriko GKSk ezinbestekotzat jo du "kalean politika egiteko eskubidea defendatzea". Horiek horrela, "udalaren jarrera autoritarioa" gaitzetsiz, hainbat exijentzia egin dizkio: "Orain arte jarritako isunak ken ditzala eta ez ditzala gehiago jarri; ez dezala kalean politika egiteko mugarik jarri, eta herriko kamera guztiak ken ditzala".