Zein dira azterketak euskaraz egiteko aukera aldarrikatzen duzuenean ematen dituzuen argudioak? Zergatik egin nahi duzue Baxoa euskaraz?
Kattalin Maurin Biskaichipy: Ttipitatik guk ikasi dugun hizkuntza da. Batzuek ez dute baitezpada ttipitatik ikasi, baina Ikastolara sartu dira euskaraz ikasteko. Ttipitatik ikasi edo ez, denek dugu helburutzat euskaraz bizitzea, eta euskara da gure eguneroko hizkuntza hori. Frantses hiztun batzuek frantsesa erabiltzen duten bezala; haien eguneroko hizkuntza da, Espainian ere berdina da. Denek badugu gure ama hizkuntza hori, gure eguneroko hizkuntza hori, eta besteek beren hizkuntzan pasatzen dituzten bezala azterketak, guk ere normala atzemanen genuke gure hizkuntzan edo hautatu dugun hizkuntzan pasatzea, hau da, euskaraz.
Haize Etxegarai Arakama: Azkenean desberdintasun bat sortzen baitu guk frantsesez pasatzeak, besteek betidanik ikasten duten hizkuntzan pasatzen baitituzte, eta guk, azken momentuan aldatu behar dugu. Beraz, berdintasuna hausten du besteekiko.
Aipatzen hasi zaretenaren bidetik, azal iezaguzue zer albo-kalte dakartzan zuentzat azterketak frantsesez egin beharrak.
H.E.A.: Haiek baliatzen duten aitzakia da Baxoa euskaraz eginen bagenu ez genukeela haien maila bera ukanen frantsesean. Hori gezurra da, frogatzen baitugu Baxoan, eta egunerokoan, beste ikasleen emaitza berdinak ditugula, eta batzuetan hobeak. Guretzat aldatzen duena da lan bikoitza egiten dugula, hiztegi guzia ikasten dugula euskaraz, hitz teknikoak eta dena, eta azkenean, berriz ikasi behar ditugula frantsesez.
"Baliatzen duten aitzakia da Baxoa euskaraz eginen bagenu ez genukeela haien maila bera ukanen frantsesean. [...] Guretzat aldatzen duena da lan bikoitza egiten dugula"
Azterketak euskaraz egin ezina, Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko diren baldintza murritzekin loturik ulertu behar da?
K.M.B: Bai, Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko aukera aski mugatuak ditugu. Seaska dugu manera bakarra. Seaskan ikastea zortea da nolabait, baina nahiz eta hemen euskaraz ikasi, bukaeran ez dugu aukerarik, ibilbide guzi hori euskaraz egin eta gero ere, Baxoa euskaraz burutzeko. Jadanik zaila dela euskarazko eskola batean ikastea, gainera, bukaeran, ezin badugu ikasitako guzia erabili edo burutu...
H.E.A: Seaskari sinesgarritasun zerbait kentzen dio. Familia bat haurra Seaskara sartu edo ez zalantzan baldin bada, errazki pentsatzen ahal du hobe duela eskola frantsesera eramatea, azkenean, azterketak frantsesez egin beharko dituelako.
"Ipar Euskal Herrian euskaraz ikasteko aukera aski mugatuak ditugu. Seaska dugu manera bakarra. Seaskan ikastea zortea da nolabait, baina nahiz eta hemen euskaraz ikasi, bukaeran ez dugu aukerarik"
Ipar Euskal Herrian euskarak duen egoera orokorraren baitan ere ulertu behar da egoera hau, ezta?
K.M.B: Bai, Ipar Euskal Herrian badira gazteak Seaskan, baina leku ainitzetan euskara galtzen ari da eta leku gehienetan ez du lekurik. Jada hiztun gutxi badela, ikas-ibilbide bukaerako azterketa euskaraz ezin egin ahal izateak balioa kentzen dio murgiltze sistemari, eta beraz ez du laguntzen euskararen egoera aldatzen.

Baxoa euskaraz egitea aldarrikatzen baduzue ere, azterketa eredu honi mugak ikusten dizkiozue?
H.E.A: Bai, egia da Baxoa egiten dugula behartuak garelako, eta ahal dela euskaraz, beraz. Baina egia da ez dela eredu ona, zeren, azkenean, lau orduz erakutsi behar baita bi edo hiru urtez egin dugun guzia. Ez da biziki adierazgarria, eta ez gara denak baldintza berdinetan etxean, hortaz, ez dugu denek baldintza berdinetan egiten. Hautuz ez genuke Baxoa eginen, eta aldatuko genuke.
Desobedientziaren bidea ez da berria: Brebeta (kolegiotik lizeora igarotzean, 14 urterekin egiten den azterketa) euskaraz egin ahal izatea horrela lortu zen, eta duela bost urte jada, Etxepare lizeoko 40 ikaslek, protesta-ekintza gisara, filosofiako proba euskaraz egin zuten. Nola iritsi zarete aurten matematikako azterketari euskaraz erantzuteko erabaki horretara? Nola antolatu zarete?
K.M.B: Lehen bilkura bat egin genuen ikasleak elkarrekin bilduz. Irakasle eta guraso batzuekin ere bildu ginen. Horrela, bakoitzak ondorioez hausnartu zuen gurasoekin eta irakasleek informazioak ekarri zizkiguten; ondorioak zer izan zitezkeen eta nola egiten ahal zen. Guk ere, ikasleen artean, pentsatu genuen zer eta nola eramaten ahal genuen, eta nahiz eta ondorioak izan, ea prest ginen. Nola muntatuko zen aipatzeko elkartu ginen, finkatzeko batzuek eginen zutela desobedientzia, eta beste batzuek ezetz. Desobedientziaz gain, beste ekintza batzuk ere aurreikusi behar genituen, zeren nahiz eta desobedientzia ez denek egin nahi izan, denek nahi baitugu Baxoa euskaraz. Beraz, denek parte hartu nahi izan dugu. Horretarako bildu gara, bai desobedientzia eta baita beste ekintza batzuk aipatzeko ere.
"Guk ere, ikasleen artean, pentsatu genuen zer eta nola eramaten ahal genuen, eta nahiz eta ondorioak izan, ea prest ginen. [...] Desobedientziaz gain, beste ekintza batzuk ere aurreikusi behar genituen"
Ezingo lukete ikasle guziek desobedientzia hori burutu, baina denen babesez eginen zenukete. Nolakoa izan da, ikasleenaz gain, irakasleen, gurasoen eta Seaskaren parte-hartzea eta babesa borroka honetan?
K.M.B: Gurasoen partetik aipatua izan zena da, desobedientzia egin ala ez, haurrak sustengatuak izanen zirela. Irakasleek ere parte hartu dute gurekin desobedientzia hori eta beste ekintzak antolatzeko.
H.E.A: Bai, ez dute gure ordez hautatzen ahal, baina laguntzen gaituzte. Eta adibidez, irakasleek erran digute enuntziatuak frantsesez baitira, lagunduko gaituztela hitz teknikoak egoki erabiltzeko.
Eta Euskal Herri mailako beste lekuetatik sentitu duzue babesik? Eta Euskal Herritik haratago?
H.E.A: Bai, ukan dugu. Prentsaurrekoa egin dugunetik, mezu anitz ukan ditugu Hegoaldetik, nola laguntzen ahal gaituzten galdetuz. Adibidez, anitzek erran digute Baxoa euskaraz tixertak erosi nahi dituztela gu sustengatu eta laguntzeko. Bretainiatik ere batzuek idatzi digute lagundu eta gurekin borrokara batu nahi dutela erranez. Gero pixka bat zaila da antolatzea, baina soilik sentitzea sustengua badugula eta entzunak garela, indar bat izan da.
"Soilik sentitzea sustengua badugula eta entzunak garela, indar bat izan da"
Matematikako probako desobedientziaz gain, izenpedura-bilketa bat martxan ezarri duzue.
K.M.B: Bai, horrekin gaur egun dugun auzia helarazi nahi dugu, jende anitzi iristeko eta ahal bezainbat babes biltzeko. Horrez gain, erakusteko da ez garela bakarrik, gu, Etxepartarrak hunkiak, Baxoa euskaraz egin ahal izatearen borroka ez dela bakarrik gurea. Matematikako proban desobedientzia guk genuen antolatu, baina izenpedura-bilketa horrek uste dut laguntzen duela, izan Hegoaldean edo izan beste hizkuntza guttituen kasuan, denei oroitarazteko borroka hau denena dela.
H.E.A: Animatzen dugu jendea sustengua erakustera, aipatzera, sare sozialetan partekatzera, jende anitzengana hel dadin, ahal bezainbat presio emateko. Eta erakusteko ez garela bakarrik gu borrokatzen horren alde.
Izan diren borroka-zikloek lorpenak ekarri izan dituzte, baina atzerapausoak ere egon dira. Azken egunetan, 2028an Baxoko berezitasun bat euskaraz egiteko aukera iragarri du Hezkuntza ministroak, baita euskarazko matematikako azterketak zuzenduak izanen direla ulertarazi ere. Izandako aldaketen ibilbidea azalduko zenigukete?
K.M.B: Geografia eta historiako eta matematikako Baxoko azterketak euskaraz pasatzen utzi izan dute urte batzuetan. Baina 2019an erreformak izan ziren, eta geroztik, berezitasunetako Baxoak pasatzen ditugu, eta jada ez dugu historiako azterketa hori egiten. Azterketa eredu berrian euskaraz egiteko eskubidea ukatu digute, nahiz eta borrokan segitu, ez dute onartzen Baxo hori euskaraz pasatzerik.
"Duela bi urte, irakasle euskaldun batzuek erabaki zuten ikasle batzuei euskaraz pasatzeko aukera ematea. [...] Geroztik, irakasle horiek ez dira gehiago deituak izan 'Ahozko handiaren' epaimahaietara"
H.E.A: Frantziako Estatuak jarrera negatibo bat du euskarari buruz. 'Ahozko handia' normalki frantsesez pasatzen dute ikasle guziek, baina duela bi urte, irakasle euskaldun batzuek erabaki zuten ikasle batzuei euskaraz pasatzeko aukera ematea. Errektoretzak ahal zuen dena egin zuen, hala ere, ez aukera hori gertatzeko. Geroztik, irakasle horiek ez dira gehiago deituak izan 'Ahozko handiaren' epaimahaietara, ikasleei ez aukerarik emateko euskaraz pasatzeko.
Zergatik uste duzue iragarri dutela matematikak euskaraz zuzenduko dituztela? Zein mezu eman nahi duzue aitzinera begira?
K.M.B: Gure ustez horrek argiki erakusten du borrokak merezi duela, eta borroka dela bide bakarra: badira urteak ikasle, langile eta gurasoak lanean ari garela Baxoa euskaraz dinamikaren alde, eta mobilizazioak, hitz-hartzeak eta desobedientzia-ekintzak ezinbestekoak direla nabari da. Ez gara geldirik egon eta ez gara geldirik egonen. Antolakuntza ezinbestekoa dela argi uzten du emaitza honek. Hala ere, gogoan atxiki behar dugu Baxoaren proba handi batek frantsesez izaten segituko duela, eta orain arte egin bezala mobilizatzen segitu beharko dugula.
H.E.A: Nahiz eta aitzina pauso hau garrantzitsua den, argi ukan behar dugu ezin garela horrekin asetu, eta deia luzatu nahi dugu mobilizatzen segitzeko eta euskaraz ikasteko eskubidearen alde borrokan segitzeko. Gure interesak defendatzen segitu behar dugu, ez dugu utzi behar borroka grina hori itzaltzen.
"Deia luzatu nahi dugu mobilizatzen segitzeko eta euskaraz ikasteko eskubidearen alde borrokan segitzeko"
