Bilboko Instantziako Auzitegiak ebazpen harrigarri bat eman du berriki, Selektibitateko euskara ikasgaiko nota batzuei buruzko polemikan jarrera argi bat hartuz: hainbat ikaslek euskaran 0 atera izanari entzungor eginez, epaitegiak eskatu du, momentuz, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ez dezala ikasgai horretako nota kontuan hartu Selektibitatearen araberako hautaketak egitean. Auzitegiak markatu du, beraz, euskara ikasgaiak ez duela gainerako ikasgaien garrantzia berdina izan behar EHUn matrikulatu ahal izateko. 0 atera zuten hainbat ikasleren familiek egin zuten eskaera hori.
Ebazpenak haserrea sortu du jendartean eta hezkuntza-komunitateko hainbat sektoretan, eta mobilizazio-deialdiak egin dituzte. Euskalgintzaren Kontseiluak, hain zuzen ere, protestak antolatu ditu biharko, Justizia euskararentzat. Euskara denontzat lelopean. 12:00etan izango dira mobilizazioak, EHUko hiru campusetan: Bilboko Ingeniaritza Eskolan, Donostiako Karlos Santamaria Zentroan, eta Gasteizko Letren Fakultatean. Hainbat antolakundek egin dute bat deialdiarekin: ELA, LAB eta Steilas sindikatuak; Ikasle Antolakunde Sozialista (IAS); Denon Eskola; Euskal Herriko Ikastolak; Ikasleria Martxan; Ireki Lei(h)oa Euskarari; Ibaetako Euskaltzaleon Plaza; Gasteiz Uniko Euskara Taldea...
Euskalgintzaren Kontseiluak hiru arrazoi nagusi nabarmendu ditu bihar mobilizatzera deitzeko: "euskararen desofizializazioa, botere judizialaren oldarraldia eta euskararen gutxiespen sistematikoa salatzeko"; "hizkuntza-ereduen sistema gainditu eta ikasle guztiak, berdintasunean, euskararen jabe egitea bermatuko duen euskarazko ikasteredu orokortuaren alde egiteko"; eta "euskara larrialdian dagoen honetan, normalizazio eta biziberritzean aurrera egiteko".