AKTUALITATEA / Olatu erreakzionarioa
Arartekoa txosten bat egiten ari da Ertzaintzak atxilotu batzuen jatorria jakinaraztearen inguruan
Jaurlaritzaren erabakiak desadostasunak sortu ditu jendartean, oposizioan, eta EAJren kide PSE-EEn. Arartekoak ere problematikotzat jo du neurria; "abuztuko oporren aurretik" aurkeztuko du prestatzen ari den txostena.
2026eko ekainaren 4 - 05:20
Arartekoa txosten bat egiten ari da Ertzaintzak atxilotu batzuen jatorria jakinaraztearen inguruan
— ARGAZKIA Arrazakeriaren aurkako protesta bat Bilboko San Frantzisko auzoan.

Iazko urrian jakinarazi zuten hainbat deliturengatik atxilotutako pertsonen lurralde-jatorria argitaratzen ari zela Ertzaintza, kolektibo eta talde ugariren ustez, aurreiritziak eta diskurtso arrazistak indartzen dituen neurri bat. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak aitortu zuen PP eta Vox presioa egiten ari zirela neurri hori har zedin, garbi utziz eskuin muturreko alderdien eskutik egin zuela hautua. 

Segurtasun Sailaren neurriak, dena den, desadostasuna sortu du bai jendartean, bai kolektibo sozialetan, bai hainbat alderdi politikotan; are gehiago, EAJk gidatutako hainbat udalek ere baztertu dute bide hori. Alor instituzionalean, oposizioak eta EAJren gobernukide PSE-EEk kritikatu dute Ertzaintzak atxilotu batzuen jatorria zehaztea, eta neurri hori ezartzeari uko egin diote, adibidez, Bilboko (Bizkaia) eta Barakaldoko (Bizkaia) udal-gobernuek; bietan dago EAJ alkatetzan.

EAEko Arartekoak berak ere problematizatu du Ertzaintzaren ekimena, eta txosten bat egiten ari da neurriari buruz. Arartekoko titularrak, Mikel Mancisidorrek, berriki adierazi du "abuztuko oporren aurretik" emango duela txostenaren berri, "oso aurreratuta" dagoelako. Hala jakinarazi du Eusko Legebiltzarrean, urteko txostena aurkeztean. Herriaren Defendatzaileak gogorarazi duenez, "segurtasunaren" arloan, Ertzaintzak eta lekuan lekuko udaltzaingoek erabilitako biolentzia eta herritarrei emandako tratu desegokia ikertzen du batik bat.