Aurrerantzean, zenbait delitu direla-eta atxilotutako pertsonei buruzko informazio gehigarri bat argitaratuko du Ertzaintzak, Vox alderdiaren eskaerekin bat eginez: atxilotuen jatorria emango du ezagutzera. Urriaren erdialdean hasi zen zehaztapen hori egiten, eta horrela kaleratu ditu, adibidez, "jatorri magrebtarreko" edo "jatorri latinoamerikarreko" hainbat pertsonari buruzko berriak, lapurretak egitea leporatuta.
Orain arte, Ertzaintzak ez zuen ofizialki informazio hori argitara ematen, nahiz eta hainbat hedabidek sarritan jakiten eta jakinarazten dituzten datu horiek. Ofizialki, ustezko "delitugileen" adina eta generoa baino ez zituen azaltzen Ertzaintzak, hala nola bere web-orriaren bidez. Dena den, El Diario Vasco-k jaso duenez, urriaren 15az geroztik, atxilotutako pertsona konkretu batzuk "jatorri espainiar, latinoamerikar, magrebtar edo europarrekoak" ote diren zehazten ari dira Ertzaintzako iturriak. Badirudi atxilotuak "espainiarrak" direnean baino ez dutela nazionalitate zehatza emango, eta gainerakoetan, "eremu geografikoa" aipatuko dutela. Ez dute argitu, hala ere, zein irizpideren arabera hautatuko duten zein "delituri" lotutako gertakariak argitaratu eta zein ez.
Egunkari beraren arabera, "azken bosturtekoetan delitugileen jatorriak ez aireratzeko arrazoietako bat izan da nazionalitate edo talde jakin batzuk estigmatizatzea saihestea". Orain, Ertzaintzak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak baztertu egingo dute irizpide hori: "barne-hausnarketa" baten ostean erabaki omen dute atxilotuen jatorria publikoki jakinaraztea, "jatorri atzerritarreko herritarrek garrantzia hartu" omen dutelako "estatistika polizialetan, prozesu judizialetan eta espetxeratutako biztanlerian".
Voxen eta PPren presioari men
"Uste dut hobe dela datuak gardentasunez eta inor estigmatizatu gabe ematea", adierazi dio Zupiriak El Diario Vasco-ri, nabarmenduz Vox eta PP presioa egiten ari direla delituak egiten eta jasaten dituzten pertsonen nazionalitatea ezagutarazteko. Nazionalitatea zehazteari uko egin diotela baina "jatorria" ematea ezin dutela baztertu defendatu du jeltzaleak: "Ezin diogu ezetz esan Voxek atxilotuen jatorriaren berri emateko egindako eskaerari". Eta gaineratu du: "Hobe da datuak gardentasunez ematea, eskuin muturrarekin borrokan aritzea baino".
"Eskuin muturraren diskurtsoari laguntzen"
Segurtasun Sailaren erabakia kritikatu dute arrazakeriaren aurkako hainbat kolektibok, tartean, Gipuzkoako SOS Arrazakeriak: Ertzaintza "eskuin muturraren diskurtsoari laguntzen" ari dela salatu du. "Ebidentzia bat da, inplikatutako pertsonen jatorria seinalatzen denean, irudi hori orokortu egiten dela jatorri hori partekatzen duten pertsona gehienengan", dio. Alderdi politikoen artean "eskuin muturraren eskarien aurrean makurtzeko joera" zabaltzen ari dela gaitzetsi du, ohartaraziz, azkenerako, horrek eskuin muturra indartzea besterik ez duela lortzen.