AKTUALITATEA / Etxebizitza sindikatuak
Alokabideren beste etxegabetze bat Gasteizen: familia ugari bat desalojatu du
Bi astean, bi familia zaurgarri etxegabetu ditu Gasteizen Jaurlaritzaren menpeko sozietate publikoak, oraingoan, Zabalganan. "Instituzio publikoek etxegabetzeak gauzatzen dituzte, edozein jabe pribatuk bezalaxe", salatu du Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak.
2026eko maiatzaren 8 - 08:27
Alokabideren beste etxegabetze bat Gasteizen: familia ugari bat desalojatu du

Alokabidek, Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko enpresa publikoak, beste familia bat etxegabetu zuen atzo Gasteizen (Araba), bertako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez. Zabalgana auzoko Veleia kalean izan zen etxe-kaleratzea atzo goizean, eta familia ugari batek galdu zuen bere etxea: bikote nagusi bat (haietako bat gaixorik dago); euren semea eta bere bikotekidea, eta azken horien seme-alabak. Aurrez ere, familia-unitate bera etxegabetu izan du Alokabidek, beste pisu batetik. "Familia duela aste batzuk jarri zen harremanetan sindikatuarekin, baina bide judiziala agortuta eta etxegabetzeen moratoria indarrean ez zegoenez, kale gorrian geratu zen atzo", gaineratu dute sindikatuko kideek.

Duela bi aste eskas, Jaurlaritzaren sozietate publikoak beste familia bat bota zuen bere etxetik Gasteizen: kasu horretan, indarkeria matxista jasandako emakume bat eta bere alabak etxegabetu zituen polizia-indarren bidez. Horrek guztiak "egia deseroso" bat uzten du agerian, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan: "Instituzio publikoek etxegabetzeak gauzatzen dituztela, edozein jabe pribatuk bezalaxe". Eta jarraitu du: "Denis Itxaso Etxebizitza sailburuak duela hilabete gutxi egindako elkarrizketa batean EAEn etxegabetzeak 'ia desagertu' zirela adierazi bazuen ere, errealitateak berriro erakusten du etxegabetzeak gero eta langile-familia gehiagoren egunerokotasuna direla". 

Denis Itxasok (PSOE), apirilaren 24ko etxe-kaleratzearen ostean, etxegabetzea justifikatu zuen bere sare sozialetan. Sindikatuko kide batek etxegabetzea kritikatzeko argitaratutako mezuari honela erantzun zion Etxebizitza sailburuak: "Agian kasu horren alderdi guztiak ezagutu beharko zenituzke. Izugarria baita. Alokabidek ez du besterik gabe kaleratzen".

Gasteizko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak bi ideia nabarmendu ditu bere salaketan: "Alde batetik, familia zaurgarrienak babesten ez dituen eta, kontrara, merkatuaren logikaren arabera jarduten duen etxebizitza publikoak ez du ezer sozialik. Bestetik, etxegabetzeen moratoria bertan behera geratu dela salatzen dugu, eta horrek familia gehiago kale gorrian uztea ekarriko duela datozen hilabeteetan". Izan ere, sindikatuak gogorarazi duenez, "politikari profesionalek neurria ez luzatzeko erabakia hartu dute" Espainiako Diputatuen Kongresuan; "ez da mantendu gutxieneko izaera zuen neurri hori ere, gutxienez familia batzuen etxegabetze-data atzeratzen zuena". Etxebizitza-krisiak markatutako testuinguru honetan, "etxebizitzaren negozioarekin gero eta aberatsago egiten diren horien poltsikoak betetzeari uztea" exijitzen du sindikatuak, eta "krisi honen ondorioak gehien pairatzen dituztenekin batera antolatzearen alde" egiten du. "Etxegabetze guztien baldintzarik gabeko etetea aldarrikatzen dugu, nondik datozen kontuan hartu gabe".