AKTUALITATEA
Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrak Espainiako Gobernuak berreskuratutako etxebizitza-dekretuen inguruko bozketa egin zuen aurreko ostegunean. Dekretuok urriaren 2an egindako ezohiko osoko bilkuran atzera bota zituzten. Azkenean, etxebizitzaren arloan hainbat neurri orokor jasotzen zituen dekretua aurrera atera da, Juntsen botoen mende ez zegoelako; alokairu-kontratu mugagabeak ezartzeko aukera jasotzen zuen dekretua, berriz, PPren, Voxen, Juntsen eta EAJren aurkako botoekin bertan behera geratu da.
Bozketa horren aurrean, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu du alderdi politikoek "berriro ere etxebizitzaren arazoa beren interes elektoralisten mesederako erabiltzen" dutela, langile-klasearen bizi-baldintzen okertzeari "konponbide errealik" eskaini gabe. "Gaur etxebizitzaren arazoarekin etekin politikoa ateratzeko lehian ari diren alderdiak dira gure egoerak azken hamarkadan etengabe okerrera egin izanaren erantzule", adierazi dute sindikatuko kideek.
Greba orokorraren biharamunean: erantzukizun instituzional guztiak mahai gainean
Kolektiboak gogorarazi du bozketa greba orokorraren biharamunean iritsi zela. Greba "arrakasta eztabaidaezina" izan zela nabarmendu du, bai lantokietan izandako jarraipenagatik, bai mobilizazioetan izandako parte-hartze masiboagatik; izan ere, sindikatuaren hitzetan, "azken urteetako mobilizaziorik jendetsuenak izan ziren gure herri eta hirietan". Grebarekin "hauteskunde-kanpaina egiteko saiakeren" aurrean, dena den, mobilizazio nagusiek maila guztietako erantzukizun politiko eta instituzionalak seinalatu zituztela azpimarratu du sindikatuak; "udaletatik hasi, erkidegoetatik igaro eta Espainiako Gobernuraino".
Ildo horretan, sindikatuak nabarmendu du bai gobernuan dauden alderdiak bai oposizioan daudenak direla egungo egoeraren erantzule. "Ez dago ezer espero izaterik PP, UPN eta EAJ bezalako eskuineko alderdiengandik, espekulatzaileen eta higiezin-patronalaren interesak modu esplizituan defendatzen baitituzte, baina PSOEk eta haren gobernuari eutsi dioten alderdiek ere ez dute arazoa konpontzeko ezer egin, errentismoa eta espekulazioa finantzatzen jarraitzea baino", adierazi du.
Horri gehitu dio grebaren diskurtsoak "egoera deserosoan" jarri zituela "beren interes elektoralisten mesederako greba erabili nahi izan dutenak". Izan ere, grebaren aldarri nagusiak "espekulatzaileen desjabetzea, espekulazioaren debekua eta etxebizitza premia sozialen arabera planifikatzea" izan ziren. Sindikatuaren hitzetan, hiru eraldaketa-ildo horiek oso urrun daude alderdi instituzionalek proposatzen dituzten etxebizitza politiketatik, eta "ez dute zerikusirik" Diputazio Iraunkorrean aurreko astean bozkatutako neurriekin.
Etxebizitzaren arazoa konpontzen ez duten dekretuak
Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren iritziz, urrian dekretuak bozkatu zirenean adierazi zuen bezala, onartutako neurriek ez diote langileriak etxebizitzaren arloan bizi duen pobretze-prozesuari buelta emango. Kolektiboak dioenez, "eraikitzaile eta errentisten irabazi pribatuaren neurrira egindako dekretuak dira, haientzako zerga-onura eta dirulaguntza nabarmenak aurreikusten dituztenak".
Etxegabetzeen eteteari dagokionez, sindikatuak adierazi du neurria 2020tik 2025era indarrean egon zen moratoriaren nahiko antzekoa izango dela. Datu ofizialen arabera, moratoria horrek etxegabetzeak geldiarazteko %25eko eraginkortasuna izan zuen. Gainera, dekretuan jasotako baldintzek neurriaren irismena "are gehiago murriztu" dezaketela ohartarazi dute: etxebizitza bat edo bi dituzten jabeen kasuak eteteko aukeratik kanpo geratzen dira, eta eteteak hamabi hilean behin berrikusiko dira, gainera. Era berean, instituzio publikoek eskainitako bizitoki-alternatibak baztertzea suspentsioa bertan behera uzteko arrazoi gisa hartuko da, testuak jasotzen duenez.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak seinalatu du azken baldintza horrek administrazioei aukera ematen diela aldi baterako edozein baliabide bizitoki-alternatiba egokitzat aurkezteko. "Dagoeneko ikusi dugu hotel bateko logelan astebeteko egonaldiari, aterpetxe bati edo, are, egoitza kliniko bati uko egiteagatik etxegabetze-prozedurak berrabiarazi direla". Orain, dekretuan arrazoi hori esplizituki jasotzen den neurrian, "epaitegiek suspentsioak bertan behera uztera begira aitzakia hori sistematikoki erabiltzeko atea irekitzen da; gainera, instituzio publikoek miseriazko alternatibak eskaintzeko presa handiagoa izango dute, bestela ez-ordaintzeak zuzenean euren esku hartu beharko dituztelako", azaldu dute sindikatutik.
Halaber, zalantzan jarri du "putre-funtsen erosketa espekulatiboen ustezko debekua". Azaldu dutenez, neurria merkatu-balioa baino %70 merkeago erositako etxebizitzen kasu jakin batzuetara mugatzen da, etxebizitza mota batzuk kanpoan uzten ditu (hipoteka-betearazpenetatik datozenak, esaterako), eta 2031n agortuko da. "Horrek ez du zerikusirik erosketa espekulatiboak debekatzearekin", adierazi du. Bestalde, kolektiboak etxejabeentzat aurreikusitako zerga-kenkarien eta maizterrentzat planteatutakoen arteko aldean ere jarri du arreta. Alokairu-prezioak "zertxobait jaistearen truke", jabeei %70 eta %100 arteko kenkariak eskaintzen zaizkie; maizterrentzat, aldiz, kasu bakan batzuetarako %10eko kenkaria da aurreikusten dena. Gainera, sindikatuaren iritziz, alokairu mugagabeen neurria aparteko dekretu batean sartzeak duen azalpen bakarra da "PSOEren gobernuak bazekiela neurria ez zela aurrera aterako". Horrenbestez, sindikatuaren ustez, "aurkari politikoei aurpegiratzeko arma gisa erabiltzea" izan da dekretu horren funtzio bakarra.
Etxebizitzaren aldeko borroka, parlamentuko aritmetikatik harago
Gauzak horrela, Etxebizitza Sindikatu Sozialistaren esanetan, "ezin dugu espero benetako eraldaketarako borondaterik langile-klasea egungo egoerara eraman duten alderdi politiko berdinengandik". Salatu du, greba orokorrarekin gertatu den bezala, alderdiek dekretu horiek, "hutsalak eta errentismoaren finantzaketaren inguruan diseinatuak", hauteskunde-kanpaina egiteko erabiliko dituztela.
Horregatik, sindikatuak etxebizitzaren aldeko borrokara batzeko deia egin dio langile-klaseari: "Gure bizi-baldintzen defentsa ezin da parlamentuko aritmetika hauskorren edo edozein unetan bertan behera gera daitezkeen aldi baterako neurrien menpe egon. Antolakuntza militantearen eta etengabeko mobilizazioaren bidez soilik egin ahal izango diogu aurre arazo honi".
Greba orokorraren ondoren, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak norabide horretan lanean jarraituko duela iragarri du, eta kaleetako mobilizazioari eusteko beharra aldarrikatu du, datorren hauteskunde-hitzorduaren ostean zabalduko diren agertokiak edozein direla ere: "Gobernatzen duenak gobernatzen duela, kaleetan presioari eutsi behar diogu eta borrokatu egin behar dugu, etxebizitza eskubide bermatua izan dadin".