EAJk nolabait justifikatu behar zuen Donostian (Gipuzkoa) gutxienez 300 pertsona utzi izana oinarrizko otordurik gabe, Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatu baititu aste honetan. Neurria defendatzeko, PPren eta Lo te no te cuentan de Donosti-ren jarrerakin bat egin eta hiriko "delituen" iturria bailitzan hitz egin du afari solidarioen ekimenaz. Irutxuloko Hitza-k jaso ditu Jon Insausti (EAJ) alkatearen azken adierazpenak: "Egian afariak kendu zirenean [2024ko udazkenean debekatu zituen afari horiek udalak], azken urte honetan, delinkuentzia tasak %20 behera egin du. Beraz, harreman zuzena badago ekimen honen eta delinkuentzia tasaren artean. Ekimen hau gauzatzen den lekuetan, Konstituzio Plazan, Gipuzkoa Plazan eta Anoetan, esku-hartzeak bikoiztu egin dira".
Horrekin batera, jeltzaleak berriz esan du "bizikidetza-arazo" bat dagoela Donostian. Alkatearen arabera, "lau arrazoi nagusi" hartu dituzte oinarritzat ekimena debekatzeko: espazio publikoari lotutako gaiak, osasun publikoari buruzkoak, ekintza sozialaren ingurukoak eta segurtasunaren auzia. "Datu horiek guztiak hartuta, erabaki dugu ez ditugula arautuko kaleko afari horiek", zioen atzo.
Bere aurpegia zuritzeko, Insaustik gaineratu du Otorduak programara diru-partida handiagoa bideratuko duela "alternatiba" modura, egunean "100 otordu gehiago" emateko teorian. KASeko boluntarioek, ordea, hamaika aldiz salatu dute udal-baliabideak ez direla nahikoa egoeraren larritasunari erantzuteko: gaur egun, 300 lagun ingururi banatzen zieten afaria KASen bidez. Atzoko agerraldian pertsona batek ohartarazi zuenez, sarri, horixe izaten da kale-egoeran dagoen jende andanak izaten duen otordu bakarra.
Udalak 2024ko urrian erabaki zuen lehenengoz afari solidarioak debekatzea, Egia auzoan. KASeko boluntarioek, ordea, determinazio osoz jarraitu dute muturreko egoeran dauden ehunka pertsonari afariak ematen, hiru gunetan nagusiki: Plaza Berrian, Gipuzkoa Plazan eta Anoetan. Orain, hiru toki horietan ere debekatu du ekimen solidarioa EAJren eta PSE-EEren udal-gobernuak. Debekua ezarri duen bi aldietan, eskuin muturreko alderdien eta dibulgazio-kanal erreakzionarioen kriminalizazio-kanpainei egin die men udalak: azken asteetan, esaterako, afari solidarioetara hurbiltzen eta bertaratutako pertsonei jazartzen aritu dira PPko eta LQNTCDD-ko kideak.