AKTUALITATEA / Etxebizitza

30 pertsona etxegabetu dituzte gaur Donostiako Herrera auzoan

Jolastokietako pabiloi bat hustu du Poliziak, bertan bizi diren pertsonak inolako alternatibarik gabe botaz. Harrera Sareak deituta, desalojoa salatu dute protesta batean: "Donostiak gero eta zailago jartzen du hirian bizi ahal izatea".
2026eko irailaren 24 - 07:42
30 pertsona etxegabetu dituzte gaur Donostiako Herrera auzoan

Jolastokietako (Herrera, Donostia) eraikin batean bizi diren pertsonek atzo jaso zuten abisu bat, gaur goizean bertatik kanporatuko zituztela esanez. Donostiako Harrera Sareak azaldu duenez, etxerik gabeko 30 bat lagun bizi ziren gaur egun pabiloi horretan, eta inolako bizitoki-alternatibarik bermatu gabe bota dituzte.

Desalojoaren aurka protesta egitera deitu zuten Harrera Saretik, eta 08:30etik bertan egon dira hainbat manifestari, etxe-kaleratzea salatzeko. Ertzaintzak polizia-kordoia ezarri du pabiloiaren bueltan, eta udaltzainak ere joan dira. Segizio judiziala bertaratzean, eraikineko sarbideak hormatzeari ekin diote kontratatutako enpresa bateko langileek. Hala gauzatu dute desalojoa.

Administrazio-erregulario prozesuan daude gaurkoan etxegabetu dituzten pertsonak. "Gaur egun formakuntza ezberdinak egiten ari dira, enplegu bat lortu eta bizitza-proiektu autonomo bat eraiki ahal izateko", jakinarazi du Harrera Sareak. "Donostiak gero eta zailago jartzen die hirian bizi ahal izatea", gaineratu du.

Azken urtean, kale-egoeran dauden ehunka lagunek bizitokitzat hartutako eraikin ugari desalojatu dituzte Donostialdean, besteak beste Herreran eta Martutenen. Jon Insausti alkateak (EAJ), gainera, behin baino gehiagotan berretsi du etxegabetze masibo horiekin jarraitzeko determinazioa.