EFEMÉRIDES / Fascismo

Urriak 6: Sonia Rescalvoren erailketa

1991ko urriaren 6an, Sonia Rescalvo erail zuten sei neonazik Bartzelonan; transexuala zen eta kale-egoeran zegoen. Espainiako Estatuko pertsona transen aurkako lehen gorroto-delitutzat jo ohi da kasua.
Urriak 6: Sonia Rescalvoren erailketa

Gaurko egunez, duela 35 urte, Sonia Rescalvo erail zuten sei neonazik Bartzelonan, 1991ko urriaren 6an. Emakume transexuala zen Sonia, kalean bizi zen, eta 35 urte zituen.

Parranda egin ostean, talde neonazi bateko kideak hiriburuko Zitadelaren Parkean sartu ziren, haien boten burdinezko puntekin kale-egoeran zeuden pertsonen buruak kolpatzeko asmoz. Bertan ari ziren gaua pasatzen Sonia eta haren lagun Dori, eta hil arte kolpatu zuten Sonia faxistek. Dori larriki zauritu zuten.

Irtenaldi hartan, beste hiru pertsona zaurgarri ere kaltetu zituzten neonaziek. Horietako batek begi bat galdu zuen. Honako hauek dira erasotzaileak: Pere Alsina Llinares, David Parlade Valdes, Hector eta Isaac Lopez Frutos, Andres Pascual Prieto eta Oliver Sanchez Riera. Oscar Lozano ere epaitu zuten auzian, haiek guztiek egindakoa estali izanagatik.

Erailketaren ikerketaren baitan, faxisten etxeetan fanzine neonaziak, burdinezko ukabilak, beisbol bateak eta balizko biktimen zerrendak aurkitu zituzten. Zerrendetan honako hitz hauek ageri ziren etiketa modura: "kontzientzia eragozleak", "punkiak", "okupak", "marikoiak", "trabestiak" eta "gainerako zaborra". Epaileak 333 urte arteko espetxe-zigorrak ezarri zizkien, baina 2012rako den-denak aske zeuden.

Kasu hark eztabaida publikora eraman zuen LGTBIQ+ kolektiboko pertsonek sarri bizi duten egoera bortitza, baita gizarte-bazterkeriaren gaineko eztabaida ere. Izan ere, Espainiako Estatuko pertsona transen aurkako lehen gorroto-delitutzat jo ohi da Sonia Rescalvorena.