ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Wikimedia Commons
2023/01/09 18:10

FACUA kontsumitzaileen elkarteak zortzi supermerkatu-kate salatu ditu Espainiako Estatuan, Balio Erantsiaren gaineko Zergaren (BEZ) jaitsierari dagozkion prezio jaitsierak ez betetzeagatik. Erakundeak 676 produkturen prezioen jarraipena egin zuen 2022ko abenduaren 30etik 2023ko urtarrilaren 3ra, eta emaitzak argiak izan dira: 52 produktutan atzeman dute prezioak araututako moduan ez jaistearen iruzurra. Horien artean, iazko urte amaieran zeuden prezio berdinean mantendu dituzte 34, ez zaie zerga-beherapen osoa ezarri 11ri, eta are gehiago garestitu dituzte beste zazpi.

Halaber, FACUAk zortzi enpresak salatu ditu Espainiako Merkatuen eta Lehiaren Batzordearen aurrean, "neurriak eragindako elikagai guztiei BEZaren beherapena ez eragiteagatik". Iruzurrak Dia supermerkatuetan sumatu dira gehienbat, 81 prezio alderatuen artean hamalau irregulartasun atzeman baitituzte; bederatzi kasutan "goranzko biribiltzeengatik". Carrefourren, berriz, aztertutako 113 prezioetatik 11k ez dute BEZaren prezio jaitsierarik izan. Eroskin araua urratu duten zortzi prezio seinalatu ditu FACUAk, 92 produkturen artean. Alcampon 96ren artean sei izan dira, horietako bi igoera eta guzti. Lidlen konparatutako 70 salgaietatik seiri igo dizkiete prezioak. Aldin 64tik bost izan dira, eta Hipercorren zein Mercadonan, aldiz, bana; 76tik eta 84tik, hurrenez hurren.

"Honakoa prezioen behaketari dagokion lehen fasea baino ez da izan", azaldu du kontsumitzaileen elkarteak. Beraz, datozen hilabeteetan ere supermerkatuen portaeraren jarraipena egingo dutela aurreratu dute. "Establezimenduek ezin dituzte BEZaren jaitsieraren eraginpean dauden elikagaien prezioak igo, gutxienez, apirila amaitu arte". Eta ez hori bakarrik, legezko epe hori beste bi hilabetez luzatuko omen da martxoko azpiko BEZa %5,5etik behera ez badago. Ikusteko dago supermerkatuek neurria beteko duten ala ez, eta zigorra zenbatekoa izango den araua betetzen ez badute.

NO HAY COMENTARIOS