ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/20 09:56

Historian lehen aldiz, Espainiako Estatuko Gorteetan eztabaidatzen eta tramitatzen ari zen neurri-sorta bat gelditu du Auzitegi Konstituzionalak, modu partzialean baldin bada ere: Zigor Kodearen erreformako zenbait zuzenketa debekatu ditu. Alderdi Popularrak (PP) egindako eskaera ontzat eman du Auzitegi Konstituzionalak, eta Senatuan erreformari buruzko behin betiko bozketa egin baino hiru egun lehenago, tramite parlamentarioaren zati bat eten dute epaileek. Konstituzionaleko sei kidek —"bloke kontserbadorea" deiturikoa— bozkatu dute horren alde, eta bostek —"bloke progresista" deitzen dutena—, berriz, kontra.

Berez, aurreko astean onartu zuten Zigor Kodearen erreforma Diputatuen Kongresuan, PSOEren, Unidas Podemosen, eta Esquerra Republicanaren babesarekin. PSOEk aurkeztu zuen lege proposamena. Ostegunean eramango dute erreformari buruzko bozketa Senatura, baina Auzitegi Konstituzionalak hala aginduta, bazter batean utziko dituzte erreformak jasotzen zituen zenbait neurri, bete-betean organo horri eragiten ziotenak.

Izan ere, neurri-sortaren azken emaitzak ondoko neurria barne hartzen zuen: Konstituzionaleko kideak berritzeko betebeharra ezartzea. Horrek ekarriko luke, erreforma indarrean sartzean, gaur egun Konstituzionaleko kide diren zenbait magistratu kargugabetzea; hala nola, Pedro Gonzalez-Trevijano Auzitegi presidentea eta Antonio Narvaez magistratua. "Bloke kontserbadorekoak" dira biak, eta, noski, neurri horren tramitazioa gelditzearen alde bozkatu dute. Oraingoz, hortaz, eutsi egingo diete Konstituzionalean dituzten karguei, nahiz eta, berez, ekainean iraungi ziren haien agintaldiak.

Organoaren eraberritze horri lotuta, erreformaren bidez, Konstituzionaleko kideak izendatzeko sistema aldatu nahi zuen Espainiako Gobernuak. Gaur-gaurkoz, gobernuak eta Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (CGPJ gaztelerazko sigletan) baino ezin dituzte kide berriak proposatu eta izendatu, baina zenbait xehetasun txertatu nahi zituen gobernuak. Konstituzionala eraberritzeko prozeduran, beren kabuz epaile berriak proposatzea eta izendatzea baimendu nahi zien gobernuari nahiz CGPJri, bi aldeetako batek zehaztutako epean hori ez egin arren.

Badirudi Senatuan ere onartuko dela erreforma aste honetan, Alderdi Popularrak eta Auzitegi Konstituzionalak esku hartuta, zuzenketa guztiekin ez izan arren. Beraz, abenduaren 23rako sartuko lirateke indarrean Zigor Kodearen erreformak jasotzen dituen gainontzeko neurriak. Orain arte "sedizio delitua" deiturikoa indargabetuko dute modu horretan, baina neurri antiproletario ugari onartuko dituzte; besteak beste, "desordena publikoen delituak" gogorrago zigortuko dituzte, baita lapurreta txikiak ere.

NO HAY COMENTARIOS