ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/11/28 09:22

Murtzia II (Campos del Río) kartzelan daukate gatibu Maria Jose Baños Andujar preso politiko komunista, eta azaroaren 17an idatzitako gutun batean azaldu ditu espetxean jasandako azken azpijokoak. Funtzionarioak hari xantaia egiten saiatu dira, hirugarren gradua ezartzea eskainiz, baina baldintza batzuekin: hilabetero diru kantitate bat ordaindu beharko lukeela esan zion lehenengo gizarte-hezitzaile batek, eta gero, jurista batek helarazi zion "barkamena eskatu" eta "gaitzespena sinatu" beharko lukeela. 

Horren aurrean, Bañosen erantzuna irmoa izan zen, gutunean dioenez: "Esan nion baietz, nik Estatu-Terrorismoa eta ustelkeria guztia gaitzesten ditudala". Orduan agertu omen zen gizarte-hezitzailea, defendatuz ez zela "konturatu baldintza gehiago zeudela" hari hirugarren gradua onartzeko. "Ezetz esan nion guztiari, klasifikatu naute jada eta argi dago ez didatela hirugarren gradua eman", gaineratzen du idatzian preso politikoak.

Horren ondoren gertatutakoa ere salatu du Bañosek: "Nire osasun fisiko eta mentalaz jakitun, [gizarte-hezitzaileak] esan zidan ea kontziente nintzen hil egin naitekeela geratzen zaizkidan bi urte hauetan. Uste dut xantaia emozional zikin bat dela". PRES.O.S atariak joan den abuztuan gogorarazi zuenez, Espainiako Auzitegi Nazionalak aurtengo martxoan aitortu zuen, auto baten bidez, Murtzia II-ko Tratamendu Batzordeak eskumena duela Maria Jose hirugarren graduan sartzeko, ezinbesteko pauso bat dena baldintzapeko askatasuna ezarri aurretik. Ez du egiten, ordea.

Atari horrek salatu zuen, bestalde, "preso politiko gaixoen aurkako errepresio-patroi" bat ikus daitekeela Bañosen kasuan. Izan ere, Auzitegi Nazionalaren auto berak onartzen zuen Bañosek "gaixotasun larri eta sendaezina" pairatzen duela eta "presondegian egoteak ez duela, preseski, hobera egitea laguntzen". Dena den, preso politikoaren abokatuak eskatu zuen arren aske utz dezatela, eskaerari uko egin zion auzitegi berak.

Marcos Martin Ponce preso politikoak joan den ekainean jakinarazi zuen, gutun baten bidez, behar duen osasun-arreta erabat ukatzen diotela kartzelan Maria Joseri, bere egoera larriagotuz: "Ezin du solairu bat ere igo, 44 kilo pisatzen ditu eta elikadura-nahasmenduak eta arterioesklerosia pairatzen ditu, tratamendu medikorik edo psikologikorik gabe". Bañosen kideak seinalatu zuen, gainera, Espainiako Estatuaren estrategiaren parte dela arreta falta hori, preso politikoak are gehiago zigortzeko.

NO HAY COMENTARIOS