ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/22 14:20

Arabako Voxek sinatuta, immigrazioaren aurkako propaganda azaldu da azken orduetan Gasteizko (Araba) hainbat zubitan. Hala zioten pankartek: "2039an atzerritarrak gehiago izango dira euskaldunak baino Gasteizen. 2039: biztanleria-ordezkapenaren data". Ez da alderdi faxistak Arabako hiriburuan halako kanpaina bat egiten duen lehen aldia, iazko ekainean mezu berdina zabaldu baitzuen bertan.

Gasteizko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS), baina, propaganda arrazista salatu du, eta pertsona etorkinen aurka Voxek ipinitako gorroto-mezuak kendu dituzte hainbat militante antifaxistak. Ekainean gertatu zen bezala, Voxen propagandak "oso gutxi iraun du kaleetan", GKSk azaldu duenez. 

Etorkinen kontrako pankartez gain, eguerdian agerraldi bat egin dute Aranan Voxeko kideek, etorkizunean pertsona migratuentzako eta errefuxiatuentzako zentro bat irekiko duten lekuan hain justu. Ekitaldi hori ere mezu arrazistak zabaltzeko erabili du alderdi faxistak, Rocio de Meer diputatuaren eskutik. Pankarten eta agerraldiaren bidez "Voxek diskurtso faxista zabaldu nahi du, marko arrazista eta supremazista baten barruan kokatzen dena", GKSren esanetan.

Gazte-antolakundeak dei egin du urtarrilaren 31ean mobilizatzera, Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa), faxismoaren eta estatu-autoritarismoen aurka antolatu dituen manifestazioetan.

NO HAY COMENTARIOS