Fiskaltzak Agoizko (Nafarroa) Epaitegian aurkeztu du Oscar Tellezen aurkako salaketa bat; Nafarroako Vox alderdiko gazteriaren arduraduna. Faxistak sare sozialetan daukan jarduna seinalatu dute auzitegian, "arrazakeria eta xenofobiagatiko gorroto-delitu" bat egon daitekeelakoan. Batik bat, jatorri magrebtarreko pertsonak eta bakarrik dauden adingabe etorkinak seinalatu ditu Tellezek plataforma digitaletan.
Nafarroako Gobernuaren txosten batean oinarrituta esku hartu du Fiskaltzak. Izan ere, Tellezek Instagram edo TikTok plataformetan argitaratutako hainbat bideo aztertu ditu Arrazakeriaren eta Xenofobiaren aurkako Arreta Zerbitzuak, azaldu baitu pertsona etorkinak "deshumanizatzen" eta "estereotipatzen" dituela Voxeko kideak. Hori dela-eta, Zigor Kodeko 510. artikulua urratu duela iradokitzen du ikerketak, gorroto-delituei lotuta. Gainera, Noticias de Navarra-k jaso duenez, "denboran mantendutako komunikazio-estrategia" posible batez eta zabaldutako "buloez" ohartarazi du gobernuak, baita halako edukien zabalpenaz ere. "Dirua kostatzeaz gain, arrisku bat dira", baieztatu izan du Tellezek, etorkinak kriminalizatuz.
Nafarroako Voxek X sare sozialean gaitzetsi zuen Tellezen kontrako salaketa. Hala idatzi zuen bertan: "Chiviteren gobernu ustela, guztiek ordaindutako txiringito bat erabiltzen Vox salatzeko. Ez Voxek ez Nafarroako Voxeko inork ez dute jaso inolako jakinarazpen judizialik edo salaketarik. Urduri daude, gainera etorriko zaizkien ustelkeria-albisteak direla-eta". Hori gutxi balitz, beren gorrotozko-diskurtsoari eutsi zion alderdi faxistak: "Epaile baten aurrera deitzen bagaituzte, pozarren joango gara milioika espainiarrek pentsatzen dutena esatera: MENAk hartzeko zentro bat jartzen duten lekuetan delinkuentzia areagotu egiten dela eta beren herrialdeetara itzuli nahi ditugula".