ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Volkswagen planta, Iruñerriko Landaben industrialdean.
2022/01/25 19:53

Iruñerriko (Nafarroa) Landaben industrialdeko plantan aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente bat (ABEE) ezarriko diete Volkswagen enpresako langileei. Zuzendaritzak arrazoi teknikoei zein ekoizpenarekin eta antolaketarekin lotutako arrazoiei egotzi die ekoizpenaren etenaldia; zehazki, pandemia garaiko bajei, bai eta ekoizpen-kateko zenbait piezaren faltari ere. Hitz batean, pandemiari leporatzen dio egoera zuzendaritzak.

Hainbat aldi baterako espediente aplikatu ditu Nafarroako Volkswagenek pandemia hasi zenetik, eta zuzendaritza iaz "baikor" agertzen zen arren 2022ari zegokionez, egoera betikotzen hasia dela dirudi. Izan ere, aldi baterako espedienteak eta, beraz, ustez epe motzekoak diren politikak, iraunkorrak bihurtzen ari dira Landabenen.

Modu horretan, langileen soldatak jaisten ari dira espero baino epe luzeagoan, aldi baterako espedientearen erregimenaren barruan, oinarrizko soldata eta antzinatasunari lotutako zenbatekoa jasotzen baitituzte Landabengo beharginek, bestelako plusak alboratzen diren bitartean. Soldaten kostuari dagokionez, Espainiako Estatuak bere egiten duenez gero, transnazional alemaniarrak ez dio horri aurre egin beharko.

Lan-erreformak aldi baterako espedienteak iraunkortzen ditu

Espainiako Estatuan indarrean sartzear den lan-erreformak, besteak beste, lan merkatuaren malgutasuna du helburu, bai eta aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen epe luzeko aplikazioa ahalbidetzea ere. Enpresek, antolakuntzari edo ekoizpenari lotutako kausak nahiz kausa ekonomiko zein teknikoak argudiatuta, erraztasun handiagoa izango dute espediente horiek aurkezteko eta tramitatzeko.

Erreforma, beraz, krisi garaian behin-behineko lan-kontratuen kopuruari eusteko baliagarria izango da, estatistikoki bada ere. Behin-behineko ekoizpen-jarduerak liratekeenak eta, hedaduraz, kontratu iraunkorrak sortuko lituzketen jarduerak finantziazio publikoaren bitartez iraunkor bilakatuko dira, hala. Ordainsari eredu berria litzateke hori, malgutasunak, gora-beherek eta prestazioek ezaugarrituko dutena.

NO HAY COMENTARIOS