Iruñerriko (Nafarroa) hiri-garraioko langileen ordezkaritza sindikalean interbenitzen saiatu da Iruñerriko Mankomunitatea, TCCko langile-batzordeko gehiengo sindikalak (ATTU, CCOO, ELA eta LAB) salatu duenez. Izan ere, lan-baldintzen inguruko negoziazio-bileretan zein ordezkari sindikalek parte hartuko duten zehazten ahalegindu da Mankomunitatea, e-mailez bidalitako mezu baten bidez. Langile-batzordeak salatu duenez, UGTren ordezkaritza inposatzeko saiakera bat izan da hori: gehiengo sindikalak erabaki zuen langile-batzordeko presidentea eta bigarren sindikatu bat joango direla bileretara, txandaka, eta hortik kanpo dago UGT. "Mankomunitateak ez du eskumenik hiri-garraioko 600 langile baino gehiago ordezkatzen dituena nor den erabakitzeko", gaineratu du.
Uste du, gainera, ordezkaritza sindikalean eta beraz negoziazioetan esku hartzeko saiakera hori UGT saritzeko modu bat dela, "greba-eskubideari uko egitea jasotzen zuen akordio bati babesa eman izanagatik". Iazko abenduan egin zuten itun horren alde UGTk (hamazazpi ordezkarietatik zazpi ditu), Iruñerriko Mankomunitateak eta TCC Moventisek, plantillak 11 hilabetez luzatutako borroka oztopatuz. Mankomunitatetik sindikatu horri "ordezkaritza-pribilegio" bat eman nahi diote orain, langile-batzordearen esanetan, eta "onartezintzat" jo du hori. Azaldu du ez duela Mankomunitatearen "presiorik edo kanpoko tutoretzarik" onartuko.
Iruñerriko Mankomunitatearen ardurapean dago hiri-garraioaren zerbitzua, eta TCC Moventis enpresa kontratatu zuen hura har zezan. Langileek greba eta mobilizazio ugari egin zituzten iaz, lan-baldintzak eta zerbitzua hobetzearen alde. Lanorduei, atsedenei eta bestelako baldintza batzuei buruzko negoziaketa zabalik dago orain, sindikatuak, enpresa eta Mankomunitatea biltzen dituen mahai batean.
Langile-batzordeak, zentsura-mozio baten bidez, presidentetzatik kendu zuen UGT. Hain zuzen ere, sindikatu horrek alde bakarrez sinatu zuen iaz akordio bat TCCrekin, Mankomunitatearen eskaerak jasotzen zituena eta beharginen eskubideak urratzen zituena, langile-batzordeak seinalatu duenez. Orain, UGT negoziazioetan presente egon dadila bilatzen du Mankomunitateak, gehiengo sindikalaren irizpideei eta erabakiei entzungor eginez.