Elkartu egin dira Aranoko (Nafarroa), Goizuetako (Nafarroa), Hernaniko (Gipuzkoa) nahiz Urnietako (Gipuzkoa) hainbat lagun, Urumeako mendietan eraiki nahi dituzten parke eoliko erraldoiei kontra egiteko. Urumeako Mendiak Bizirik izena eman diote plataforma berriari, eta atzo aurkeztu zuten Hernaniko Gudarien Plazan. Bertan azaldu zuten euren asmoa dela "inguruko mendietan egin nahi dituzten makroproiektu eolikoen auzia aztertzea eta zentzugabekeria hau geldiaraztea".
Arano, Goizueta, Hernani, Berastegi, Elduaien eta Ereñotzu inguruan egin nahi duten parke eolikoa izan zen borrokarako abiapuntua. Uztailean bertaratu ziren Repsolekin lotura estua duen FE Energy enpresako hainbat ordezkari, eta bizilagunek horrela jakin zuten makroproiektu bat daukatela esku artean zonalderako. 100 megawatteko zentral erraldoi bat eraiki nahi du Repsolek, 205 metro inguruko hamalau aerosorgailurekin. Hari horretatik tiraka ezagutu zuten bizilagunek, gainera, Endesa enpresa eremu berdinerako garatzen ari den beste proiektua: Hernani eta Ereñotzuko Pagoaga artean egin nahi du 33 megawatt sortzeko beste azpiegitura bat. Bi proiektu horiei aurre egiteko sortu dute Urumeako Mendiak Bizirik.
Trantsizio energetikoa aitzakia
"Enpresa horiek, trantsizio energetikoaren izenean, gisa horretako makroproiektuak ezartzen jarraitu nahi dute Euskal Herri osoan", salatu du plataformak: "Herri inguruetan CO2a xurgatzeko hain beharrezkoak ditugun ingurune naturaletan, atzera-ezinezko txikizioak eragin eta, lur-eremu publikoak erabiliz, multinazionalen kapital pribatua aberasten jarraitu nahi dute". Eta oroitarazi du, bestalde, "Europatik datozen funtsek bultzatutako proiektuak direla" guztiak.
Horri kontrajarrita, Urumeako Mendiak Bizirikek aldarrikatu du, "energia-kontsumo hain altua dugun gizarte-eredu honetan, benetan behar duguna" ondokoa dela: "Lurraldea eta bertako aberastasun natural, kultural eta soziala errespetatuko dituen eta behar energetikoei erantzungo dien aldaketa ekonomikoa eta soziala". Iritzi dio, proiektu txikitzaileekin aurrera egin ordez, "aurrez antropizatutako eremuak berrerabili daitezkeela", "energia berriztagarriak sortzeko gailuak jartzeko".
Makroproiektu eolikoen ondorioak
Urumea inguruan martxan jarri nahi dituzten bi proiektuek izango lituzketen eraginak azpimarratu ditu plataformak. Gogorarazi du Urumeako mendialdea "korridore ekologiko" bat dela, eta hura "eteteak landare eta animalia espezie askoren biziraupena arriskuan jarriko" lukeela. "Urumea arroa eta bere ertzak Kontserbazio Bereziko Eremutzat" jo zituen Eusko Jaurlaritzak: obra erraldoiek eragingo lituzketen "lur-mugimenduek balio-naturalistiko handia eta kalitatezko urak dituzten hainbat iturburu eta erreka kaltetuko lituzkete", eta "lur desjabetzeak eta basa-lurren birkalifikatzea" ere izango lirateke horren guztiaren emaitza.
Plataformako kideek gaineratu dute "herritarren bizi-kalitatean eta osasunean kalte nabarmenak eragingo" lituzketela proiektuek, eta "bateraezinak" direla "abeltzaintzarekin, nekazaritzarekin eta aisialdiko jardunekin". Aranoren kasuan, arriskua are larriagoa da: "Arano aerosorgailu erraldoiz inguratuta geldituko litzateke, herriaren biziraupena arriskuan jarriz".
Urumea inguruan lanari ekiteaz gain, "Euskal Herri osoan abian diren hainbat proiekturen aurrean sortutako beste talde eragileekin bat egiten" du Urumeako Mendiak Bizirik plataformak, "gure auzian behar dugun babesa eta laguntza eskuratuz eta, aldi berean, beste lekuetako borrokekin bat eginez". Dei egin die "Urumea bailarako eta inguruetako herritar guztiei makroproiektu eoliko horiek geldiarazteko eta gure mendiak defendatzeko antolatuko diren ekintzetan eta mobilizazioetan parte hartzera".