Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) mobilizazio-deialdi indartsu bat egin du datorren urtarrilaren 31rako, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka. Bilbon (Bizkaia) eta Iruñean (Nafarroa) egingo du manifestazio bana, eta ordu eta abiapuntu zehatzen berri eman du jada. Iluntzean izango dira bi mobilizazioak; 18:00etan Bilbokoa, Jesusen Bihotzetik hasita, eta 18:30ean Iruñekoa, Erorien Monumentu frankistaren paretik.
"Beharrezkoa eta urgentziazkoa da susperraldi antifaxista bat egotea berau indarra hartzen ari den toki guztietan, eta Euskal Herritik norabide horretan ekarpen bat egin behar dugu. Horixe da urtarrileko manifestazioen bitartez lortu nahi duguna", azaldu zuen GKSk deialdiak aurkeztean. Euskal Herriko 130 bat herri eta auzotan antolatu ditu aurkezpenak eta mobilizazioei lotutako egitarauak, eta han-hemenka zabaltzen ari da "ideia erreakzionarioei, estatuen erreforma autoritarioari eta hedatzen ari den faxismoari aurre egiteko" deia.