Haurren igeriketa-txapelketa bat Tuteran egitea debekatu du bertako udalak (UPN), arrazoi politikoengatik: Euskal Herri mailakoa omen da lehiaketa, eta Alejandro Toqueroren alkatetzak esan du horrek ez duela "Nafarroako errealitate instituzionala errespetatzen". Noticias de Navarra-k jaso duenez, txapelketa hori hainbatetan hartu da "Euskal Herrikotzat", eta horixe litzateke udalak eta Martin Lopezek gidatutako Kirol Sailak eman duten arrazoia, lehiaketa Tuteran egin ez dadin.
Clara Campoamor igeriketa-klubeko kideek interesa erakutsi zuten txapelketa Tuteran antolatzeko, baina aipatutako arrazoiak direla-eta, udalak ez die baimenik eman Nafarroako eta EAEko federazioei instalazioak horretarako erabiltzeko. Arrazoi politikoak nolabait apaintzeko, arrazoi tekniko batzuk ere aipatu ditu Lopez zinegotziak, "antolaketari" lotutako arrazoiak eta proposatutako egunetan (ekainaren 20an eta 21ean) Tuteran izango omen diren ikastaro batzuk tartean.
Aipatutako egunkariaren arabera, Tuterako Arenas eta Clara Campoamor klubek parte hartu ohi dute alebinentzako igeriketa-txapelketa horretan, sari ugari eskuratuz. Horregatik proposatu omen zuten lehiaketa Tuteran antolatzea, "lurralde arteko txapelketa" gisa aurkeztuz; Euskal Herritik kanpoko taldeak ere badira gonbidatuen artean.