ACTUALIDAD EDITORIAL IKUSPUNTUA CIENCIA OBRERA COLABORACIONES AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
FOTOGRAFÍA / Kevin Lamarque/Reuters
2024/11/18 11:13

Telebistan mehatxu egin zuen atzo Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik. Antza denez, Joe Biden Amerikako Estatu Batuetako presidenteak, kargua utzi aurretik, beste bultzada bat eman dio: Errusiaren kontra irismen handiko misilak erabiltzea ahalbidetu dio Ukrainako Armadari. Orain arte, teorian, mugan erasotzeko baimena baino ez zuen.

Errusiako presidente Vladimir Putinen arabera, Ukrainak Errusiara misilak jaurtitzeak "gatazkaren esentzia eta izaera aldatuko" lituzke, eta areagotu egingo luke NATO gerran izaten ari den parte-hartze zuzena. "NATO eta AEBetako eta Europako estatuak Errusia borrokatzen ari direla esan nahiko luke", bere esanetan.

Zelenski, bere aldetik, eskalada belikoaz ere aritu zen atzo. "Komunikabide askok diote beharrezko neurriak hartzeko baimena jaso dugula", esan zuen: "Erasoak ez dira hitzekin egiten. Horrelako gauzak ez dira iragartzen. Misilek beren kabuz hitz egingo dute". Antza denez, irismen handiko misilak datozen egunetan erabiltzen hasteko asmoa du.  

AEBetako gobernu aldaketa, eskalada bultzatzeko pizgarrietako bat

AEBetako hainbat iturrik diote Ipar Koreak soldaduak eraman dituela azken asteetan Kursk zonaldera, eta, bestalde, demokratek huts egin dute oraintsu AEBetako hauteskundeetan. Donald Trump izango da presidente berria, eta, itxuraz behintzat, Ukrainako gerra nolabait baztertzearen alde agertu da hedabideetan. Ez du, hala ere, urtarrilera arte agintea hartuko.

Badirudi, besteak beste, azken mugimendu horiek eragin dituztela Bidenek Ukrainari emandako azken bultzadak. Errusiari eraso egiteko baimena zabaltzeaz gain, presidenteak Ukrainara bideratutako laguntza militarra azkartu nahi du orain, eta mila milioi dolarreko arma bidalketak bizkortu ditu.

ATACMS misilak

Lockheed Martin enpresa estatubatuarrak egiten ditu MGM-140 ATACMS misilak, eta 300 kilometroko irismena dute. Abiadura handia har dezakete, eta gelditzeko zailak dira. AEBek dagoeneko bidali dituzte Ukrainara arma horiek, eta, esate baterako, Krimeari erasotzeko erabili ditu Ukrainak. Errusiako base militarrei, zentro logistikoei eta biltegiei eraso egiteko gaitasuna emango diote misilek Ukrainako Armadari.

Errusiaren azken erasoa: 120 misil eta 90 drone

Biden eta Zelenskiren eskutik tentsioak koska bat gora egin eta gero, asteburuan eraso handi bat egin du Errusiak Ukrainaren aurka. Badirudi energia-azpiegitura erasotzea zela asmoa, eta 120 misil eta 90 drone bota ditu. Zelenskiren esanetan, Ukrainan aireko 140 helburu suntsitzea lortu dute indar militar errusiarrek.

NO HAY COMENTARIOS